Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pernando Barrenak ez du baztertzen PPrekin hitz egitea
Ezker abertzaleko kideak berretsi du "premiazkoa" Sortu legalizatzea eta kartzela politika aldatzea dela.
Erredakzioa
Pernando Barrenak esan du ezker abertzaleak "interes handia" duela PPrekin hitz egiteko, nahiz eta aitortu "zoritxarrez" egin dituzten ahaleginek "porrot" egin dutela. Hala ere, ez ditu aukerak itxi nahi izan, Mariano Rajoy buruzagi popularrak oraindik ez baitu hitz egin.
Buruzagi abertzaleak azaroaren 20ko hauteskunde orokorren osteko lehentasunak azaldu ditu Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Barrenak esan du oraintxe "premiazkoa" Sortu legalizatzea eta kartzela politika aldatzea dela. Gogora ekarri duenez, Aieteko adierazpenaren eta ETAk jarduera armatua amaitzea erabaki ondoren, eztabaida politikoa Sorturen legalizazioan eta "emaitza latzak" utzi dituen presoen sakabanaketari "amaiera" ematean zentratu behar da. Barrenak "gatazka politikoaren2 baitan kokatu ditu bi gai horiek eta azpimarratu du PPk Amaiurrekin bildu nahi ez izateak agerian uzten duela "elkarrizketa" bidez konpondu behar dela.
Kartzela-politikaren aldaketan Patxi Lopez lehendakariaren papera "funtsezkoa" izango dela uste du Barrenak. Gainera, ezker abertzalea indarkeria politikoaren biktimei buruzko txostena osatzeko prozesuan murgilduta dagoela esan du eta izaten ari diren zailtasunak azaldu ditu, izan ere, gertakari batzuk oraindik argitzeke daudela gogorarazi du, pertsonen desagerpena eta giza-eskubideen urraketak besteak beste.
Azkenik, Juan Carlos erregearekin biltzen denean Amaiurrek "egoerak eskatzen duen mailan" egoten jakingo duela ziurtatu du, eta bere osasunaren berri izan ondoren "gatazkari irtenbidea emateko prozesua" aldarrikatuko diola.
Bestalde, ezker abertzalearen egoera "oso ona" dela esan du, "aho batez" babesten ari baitira hartutako bidea.