Politika -
Hauteskundeak Katalunian
Kataluniako alderdiek amaiera eman diote ezohiko hauteskunde-kanpainari
Alderdiek kanpainako azken ekitaldiak egin dituzte ostiral honetan. Ikusteko dago pandemiak zein eragin izango duen igande honetako hauteskundeetako parte-hartzean eta emaitzetan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Pere Aragones Generalitaterako ERCren hautagaiak esan du errepublikanoek garaipen "historikoa" lortu behar dutela igande honetako hauteskundeetak, ERCk zuzenduko duen Gobernu independentista eta ezkertiar berriak alternatibarik izan ez dezan.
ERCk Bartzelonan egin du kanpaina bukaerako ekitaldia eta, besteak beste, han izan dira Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Dolors Bassa eta Raul Romeva preso politikoak.
Aragononsek ohartarazi du Salvador Illa (PSC) prest dagoela Voxen babesarekin gobernatzeko Katalunian eta aukera hori saihesteko modu bakarrak ERCk garaipen garbia lortzea dela adierazi du. "Gure garaipena irmoa, zabala eta historikoa izan behar da, alternatibarik egon ez dadin, eta aukera bakarra ERCk zuzenduko duen ezkerreko Gobernu errepublikarra osatzea izan dadin".
Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratuak esan du Kataluniako herriak hauteskundeak "amore eman ez" dutela erakusteko baliatu behar dituela, eta Juntsek irabazten badu, Estatuak "espero ez duen danbatekoa" jasoko duela adierazi du, "errepresioaren zigilua daraman PSCk galdu egin duela suposatuko duelako".
Horrez gain, PDeCAT alderdiaz era mintzatu du Puigdemont: "Etxean geratzen bagara edo botoa gobernua eratzeko aukerarik ez duten alderdiei emanez gero, hirukoak gobernatuko du, edo PSCk Voxen babesarekin", ohartarazi du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Bartzelonan izan da gaur arratsaldean, PSCren kanpaina amaierako ekitaldian, eta Kataluniako independentismoak Alderdi Sozialistari jarritako betoa hausteko modurik eraginkorrena datorren igandean Salvador Illaren alde bozkatzea dela azpimarratu du.
Hauteskundeen ostean PSCrekin balizko gobernu-akordiorik ez egitea adostu dute Kataluniako alderdi independentistek. Sanchezen iritzian, "beldurraren ituna da hori, independentismoaren Colon plazako argazkia".
Ines Arrimadasek Ciudadanosen aldeko botoa eskatu du, "datozen lau urteetan prozesu independentistarik egon ez dadin", eta batez ere PSCko eta PPko boto-emaileei zuzendu zaie: "Madrilen PPk eta PSOEk izan dituzten gobernuekin baztertuta sentitu bazara, bozkatu Ciudadanos. Montillak eta Maragallek huts egin bazintuzten, bozkatu Ciudadanos. Dena goitik behera aldatzea nahi baduzu, bozkatu Ciudadanos".
Hauteskundeak irabaziz geroz, Katalunian izan den ustelkeria "lehen aldiz" argitara aterako duela agindu du: "Nik ez ditut PSOEren eta PPren % 3rik nahi, ezta alderdi berriena ere. Ustelkeria amaitzea behar dugu eta horretarako ustelkeriarekin zero tolerantzia beharrezkoa da".
Artur Mas Generalitateko presidente ohiak esan du PDeCATek guztia jarri duela "jokoan independentziaren alde, eta errepresioaren eta 155aren aurka, subiranistak diren beste alderdi batzuek bezalaxe".
"Ez dago lasterketarik independentistagoa nor den jakiteko. Katalunia librea bada gure helburua, ezin da lehiarik egon zentzu horretan", adierazi du kanpaina ixteko ekitaldian, telematikoki.
CUPen aldetik, Dolors Sabater hautagaiak "faxismoaren aurkako botoa" eskatu du, "amore ematea ez baita aukera bat" eta "beldurra lurperatzeko" garaia delako.
Antikapitalisten zerrendaburuak etxean ez geratzeko deia egin die boto-emaile "inkonformista, disidente eta independentistei", eta inkesten arabera CUPek Voxekin eserlekuren bat duela jokoan ohartarazi du.
Pablo Casado PPren buruzagiak Voxen aurka jo du kanpaina itxierako ekitaldian, eta Santiago Abascalen alderdiari galdetu dio ea "Espainia Konstituziotik eta Europar Batasunetik atera" nahi duen.
Bartzelonako ekitaldian, Voxen eurodiputatu batzuei antieuropeistak izatea egotzi die, eta Carles Puigdemont Generalitatearen presidente ohiaren jarrera bera izatea leporatu die: "Puigdemontek eskatzen duen gauza berbera da! Horregatik partekatzen dute talde parlamentarioa. Puigdemont babesten duten flandriarrak Voxen kideak dira Europako Parlamentuan, eta ez dugu halakorik nahi".
Santiago Abascal, bere aldetik, Kataluniako hiriburuan bertan egindako ekitaldian, Ciudadanoseko, PSCko eta PPko boto-emaileei zuzendu zaie: "Vox bakarrik geratzen da".
Beste erkidego batzuetatik iritsitako boto-emaile ezkertiarrei egin die erreferentzia: "Ezkerrak ukatu egin zien alderdi nazional bati botoa ematea, eta sukurtsal nazionalista den PSCri botoa-ematera behartu zituen".