Politika -
EAJ
Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi ohia hil da
EAJk nabarmendu du Araban "oinarri" izan zela alderdi horren osaketan. 69 urte zituen, eta gaixotasun luze baten ondorioz hil da Agirre.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi ohia zendu da bart, 69 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz.
Iñigo Urkulluk sare sozialen bidez nabarmendu du Agirrek sekulako konpromisoa erakutsi izan diela beti "bere familiari, Araba osoari eta euskal herritarrei".
Urkulluk atsekabea eta elkartasuna adierazi die haren senitarteko eta lagunei, eta EAJko buruzagi ohiari buruz esan du beti izan dela "gizon zintzoa, konprometitua eta gertukoa". "Bere irribarreagatik eta umore onagatik gogoratuko dugu beti", adierazi du Urkulluk.
Lehendakariren hitzetan, kulturaren, nortasunaren eta Arabako zein Euskadiko eskubide historikoen alde egin du beti Agirrek.
Bestalde, EAJko presidente Andoni Ortuzar atsekabetuta agertu da Xabier Agirreren heriotzagatik: "Arinegi joan da, erretiroa aprobetxatzeko aukerarik izan gabe".
"Xabierrek dena eman du Arabako politikan, baita EAJn ere. Isilpeko militantea eta EAJren buru izan da trantsizioaren eta zatiketaren urte gogorretan. Egoera guztietara ongi egokitu den legebiltzarkide eta abertzalea", esan du Ortuzarrek Agirreri eta haren ibilbide politikoari buruz.
"Euskadin pertsona gutxik eman diote hainbeste politikari", erantsi du Ortuzarrek. Halaber, argi utzi du "nahi pertsonalen aurretik", leialtasuna erakutsi diola alderdiari.
Agirreren trebetasunak hizpide, dantzari gisa erakutsitako abilezia ere goraipatu du, eta EAJren "erreferente politikoetako bat" izan dela esanez bukatu du hari buruzko gogoeta.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere izan du hitzik Agirrerentzat. "Berarekin eman nituen lehen urratsak politikan. Arabar eta abertzale sutsua. Pertsona ona. Beti lagundu izan dit", gaineratu du Urtaranek.
EAJren esanetan, Araban "oinarri" izan zen Agirre EAJren osaketan. "Alderdi horretako milaka afiliatuk eta Araban nahiz Euskadin EAJk dituen jarraitzaileek penatuta hartu dute albistea, politikan hutsune handia utzi baitu", amaitu du.