Itxi

Politika

Elkarretaratzea

Mugako pasabideak zabaltzea eskatu dute berriro Lizarrietan

E. L. | EiTB Media

"Nazio gisa ditugun eskubideak urratzen dituzte bi estatuek mugen itxiera inposatuz", kritikatu du EH Baik. "Mugak lehenbailehen irekitzea exijitzen dugu", adierazi du EH Bilduk.

  • Elkarretaratzea Etxalar eta Sara lotzen dituen Lizarrieta lepoan. Argazkia: Aitor Zabaleta

    Elkarretaratzea Etxalar eta Sara lotzen dituen Lizarrieta lepoan. Argazkia: Aitor Zabaleta

200 bat pertsonak protesta egin dute igande honetan, Etxalar eta Sara lotzen dituen Lizarrieta gainean, "Euskal Herrian mugarik ez" lelopean, EH Bilduk eta EH Baik deituta. Duela hilabete, urtarrilaren 14tik, hartu zuen erabakia Frantziako Gobernuak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuta.

Otsailaren 8an sinadura bilketa abiatu zuten bi koalizioek, eta dagoeneko 1200dik gora sinadura lortu dituzte.

"Giro sekuritarioa areagotzen dute. Manipulazio politiko hutsak dira terrorismoaren kontrako borrokaren izenean hartzen dituzten neurriak. Ongi dakigu neurri horiek Euskal Herriko militante politikoei aplikatzen dituztela", salatu du EH Baik.

"Nazio gisa ditugun eskubideak urratzen dituzte bi estatuek mugen itxiera inposatuz", kritikatu du Ipar Euskal Herriko koalizioak. "Ez da lehen aldia horrelako egoera inposatzen digutela. G7 garaian, covid pandemia baliatuz, gure biziak baldintzatzen dituzte", erantsi duenez.

"Lizarrietan bildu gara gaur Ipar eta Hego Euskal Herria lotzen dituzten zortzi pasabideen itxiera gaitzesteko. Onartezina da bi aldeetako biztanle eta langileen egunerokoa baldintzatzea aitzakia ulertezinak erabiliz, arazorik suposatuko ez balu bezala", azpimarratu du Bel Pozueta EH Bilduko diputatu nafarrak Twitter sare sozialean.

"Etxalar eta Sara arteko mugan izan gara, bertako komunitateak kontutan hartu gabe egindako itxiera hauek herritarrak kaltetzen dituztela salatzeko", azaldu du EH Bilduk. "Mugak lehenbailehen irekitzea exijitzen dugu", gaineratu du.

Koalizioa abertzalearen hitzetan, "mugen itxierak europarron mugikortasun librerako eskubidea urratzen du".

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena