Publizitatea
Itxi

2021/02/15

17:50

Politika

HAUTESKUNDEAK KATALUNIAN

Euskal alderdien erreakzioak, Kataluniako hauteskunde emaitzen harira

EITB MEDIA

Ordezkari politikoek eta lehendakariak Kataluniako emaitzak baloratu dituzte.

1:22
Iñigo Urkullu. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kataluniako hauteskundeek oihartzuna izan dute Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoen artean. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk lehen balorazioa egin dute sare sozialetan. 

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Kataluniako hauteskundeen ostean "egonkortasuna eta gobernagarritasuna" egotea espero duela, "herritarren mesederako".

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak alderdi subiranistek lorturiko gehiengoa azpimarratu du. Haren esanetan, argi gelditu da Kataluniako gizarteak bere etorkizuna askatasunean erabaki nahi duela. Horretarako elkarrizketaren bidea jorratu behar dela nabarmendu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, bere aldetik, alderdi independentistek botoen % 50 baino gehiago eta lau eserleku gehiago lortu izana azpimarratu du. "Llotja de Mar-eko bidetik, askatasunera!" idatzi du Iriartek, ERC, Junts eta CUP zorionduz.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak, bere aldetik, esan du independentismoa "indartuta" atera dela eta "kolpea" eman duela mahai gainean. Horregatik, uste du Espainiako Estatuan agerian geratu dela "lurraldetasun arazo larria" dagoela, "nazioek etorkizuna erabaki nahi dutelako".

Otegik prentsaurreko batean azaldu duenez, "harrotasuna" sentitzen du independentistek "botoen % 50eko langa gainditu" dutelako, eta inoiz izan den Parlamentu "subiranistena" izango dutelako.

Ezker abertzalearen buruak azpimarratu du Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiziako "bozetan" subiranismoa "indartuta" ateratzen dela, bereziki ezkertiarra.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak, berriz, elkarbizitzaren, irtenbideen eta blokeo politikoaren amaieraren aldeko apustuak irabazi duela nabarmendu du. Gainera, Salvador Illa PSCko hautagaia zoriondu du.

Amaia Martinez Voxen legebiltzarkidea gustura agertu da bere alderdiak Katalunian lortutako emaitzarekin, eta gaitzetsi egin du "independentista kataluniarrek balizko gehiengo osoa" lortu izana, "are gehiago zailduko delako Espainiarekin dagoeneko zaila den harremana" eta "sezesioaren aldeko eta Espainiaren aurkako gobernua" izango delako.

Javier Esparzaren (Navarra Suma) arabera, "2017ko antzeko blokeak" osatu dira, eta "albiste txarra da independentismoak gehiengoa izatea", zeren "bizikidetza hausten du, eta hori txarra da herrialde osoarentzat".

PSNtik, berriz, Ramon Alzerriek goraipatu egin ditu PSCren "emaitza itzelak", eta herritarren mezua "argia" dela esan du: "Elkarrizketa, bizikidetza eta zatituegi dauden gizarteen berreraikuntza sustatzen duten alderdiak nahi dituzte".

Uxue Barkos Geroa Bairen eledunarentzat, berriz, ez da aldatu independentismoaren inguruko jarrera, eta independentisten blokea indartu egin da "botoetan eta eserlekuetan". Era berean, PSCren gorakada balioan jarri du, eta PP eta Ciudadanosen emaitza kaxkarrekin alderatu du.

Podemosen partetik, Ainhoa Aznarezek azpimarratu du independentisten eta konstituzionalisten "poloak" bere horretan geratzen direla, eta Kataluniako Parlamentuan "gehiengoa ezkertiarra" izango dela. Horren harira, En Comun Podemek "Gobernuan parte hartzea"ren alde egin du.

Marisa de Simonen (Ezkerra) ustez, errepikatu egin da "botoen zatiketa eta berdinketa teknikoa", ondorioz, "ezin da jarraitu alde bakarreko independentzia aldarrikapenaren bidea". Izan ere, Kataluniako "gizarteak gobernu aurrerakoia merezi du, jendearen arazoak artatuko dituen itun soziala, eta horrek ezkertiarren batura eskatzen du", gaineratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena