Politika -

Adierazpen askatasuna

Ehunka pertsonak Pablo Hasel askatzeko eskatu dute Bilboko kaleetan

Manifestari talde baten eta Ertzaintzaren arteko istiluekin bukatu da protesta. Agenteek pertsona bat atxilotu dute.

Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE
Manifestazioa Bilbon.
Manifestazioa Bilbon. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak espetxean dagoen Pablo Hasel raperoa askatzeko eskatu dute Bilboko manifestazio batean, Bilbo Antifaxistak sinatutako Pablo Hasel askatu! lelopean, protesta oihuen artean eta Ertzaintzaren zaintzapean. Martxa bukatuta, talde batek botilak eta objektuak jaurti ditu Ertzaintzaren furgoneten aurka.

12:00etan abiatu da manifestazioa Arriaga plazatik, Haselen zigorraren kontra protesta egiteko. Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko zigorra ezarri diote rap kantariari, abestietan eta Twitterreko mezuetan terrorismoa goratzea eta Koroa iraintzea egotzita.

Maniestazioa Moyua plazara heldu denean, manifestari gehienak joan egin dira, eta talde batek botilak eta beste objektu batzuk bota dizkie bertan zeuden Ertzaintzaren furgonetei.

Gazte bat atxilotu du Ertzaintzak.

Atxiloketaren unea. Argazkia: EFE

Atxiloketaren unea. Argazkia: EFE

Ondoren, Zazpikaleetan izan dira istiluak. Zenbaitzuek edukiontziak erre dituzte Unamuno plazan, eta Ertzaintza oldartu egin zaie.

Aburtok "erabateko mespretxua" adierazi du

Juan Mari Aburto alkateak manifestazioaren osteko istiluak deitoratu, eta honakoa esan du: "Sobera daude eta beti izango dira sobera indarkeriaren zentzugabekerian bere burua babesten dutenak".

Istiluei "erabateko mespretxua" diela esan du Aburtok. "Adierazpen askatasunari eta protestari eta aldarrikapen baketsuari baietz esaten diet, baina oso argi esaten diet ezetz besteak iraintzeari, samintzeari eta gogaitzeari. Zalantzarik gabeko ezetza indarkeriari; edukiontziak, hiriko altzariak edo ondasun partikularrak apurtzeari, erretzeari eta suntsitzeari, eta hedabideetako eta segurtasun indarretako profesionalak erasotzeari", gehitu du.

Aburtoren ustez, legitimitatea "elkarrizketaren bidez eta gizartea eraikitzeko eta hobetzeko lan eginez lortzen da", baina, bere ustez, "askatasuna bezalako eskubide baten alde protestatzeko indarkeria fisikoa edo hitzezkoa erabiltzean" galtzen da. "Noren askatasuna? Norbanakoarena? Edo guztien askatasuna nahi dugu?", galdetu du.

Edukiontzi bat erreta Unamuno plazan. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Edukiontzi bat erreta Unamuno plazan. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Argazkilari bat kolpatu dute

Deia egunkariko argazkilari bat kolpatu dute manifestazioaren ostean izandako istiluetan, hedabideak berak zabaldu duenez.

Portuko markesaren kalean, txanodun jertse bat zeraman pertsona batek kolpe bat eman dio buruan argazkilariari, hitzik esan gabe, eta, ondoren, ihes egin du, baina ez dio zauri garrantzitsurik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Ertzaintza Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak