Politika -

Txertaketa

EH Bildu: "EAJk Iriarteri eginiko akusazioak datu ofizialek gezurtatzen dituzte"

"EAJk jakin beharko luke akusazio faltsuen bidez errealitatea ukatzeak ez duela errealitatea aldatzen, ez eta txertaketa erritmoa eta Gobernuaren kudeaketa hobetzen ere", esan du koalizioak.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk ohar batean berretsi egin du "Jaurlaritzak 110.000 txerto inguru dituela gordeta, jarri gabe", Maddalen Iriartek atzo Legebiltzarrean lehendakariari esan bezala, eta, hortaz, EAJk arratsaldean koalizioaren bozeramaileari egin zion "akusazio faltsua" errefusatu egin du.

Jeltzaleek 'fake news' zabaltzea leporatu zioten Iriarteri, "datu ofizialek azken honek emandako datuak berretsi baino ez egin arren". "EAJk jakin beharko luke akusazio faltsuen bidez errealitatea ukatzeak ez duela errealitatea aldatzen, ez eta txertaketa erritmoa eta Gobernuaren kudeaketa hobetzen ere", erantsi du koalizioak.

"EAJk Maddalen Iriarteri eginiko akusazioak datu ofizialek gezurtatzen dituzte", azpimarratu du EH Bilduk, eta "gezurrak esateari uzteko" exijitu die jeltzaleei. EH Bilduren hitzetan, "EAJ gezurra da esatera ohitu da datu objektiboek haren kudeaketa txarra agerian uzten dutenean, baina hori modurik onena da pandemiaren aurkako borrokan porrot egiten jarraitzeko".

"Datuak hortxe dauden, begien bistan, eta, akusazioak akusazio, Estatu espainolean EAE da txerto gutxien jartzen dituen erkidegoa", azpimarratu du.

"Euskal gizarteak behar duen Gobernua ez da datu ofizialak gezurra direla esaten duena"

"Osasun Ministerioak egunero argitaratzen dituen datu ofizialek (COVID-19 txertaketa txostena (Informe vacunación COVID-19 (mscbs.gob.es)) nor bere tokian jartzen dute eta, hala, EAJren akusazioak gezurtatu egiten dituzte", zehaztu du EH Bilduk.

Ministerioak atzo bertan emandako azken datuen arabera, "Urkulluren Gobernuak 248.460 txerto jaso ditu, baina 155.955 baino ez ditu jarri, eta bi egun lehenago 136.036 ziren jarritako dosiak", Legebiltzarrean Iriartek ohartarazi zuenez.

"Euskal gizarteak behar duen Gobernua ez da datu ofizialak gezurra direla esaten duena datu horiek haren kudeaketa txarra agerian uzten dutenean", kritikatu du koalizioak.

"Tamalez, EAJ horretara ohitu dela dirudi; dituen ardurak bere gain hartu beharrean, baloiak kanpora botatzeari ekiten dio, batzuetan, atzo bezala, akusazio faltsuak eginez, baina hori biderik onena da birusaren aurkako estrategian porrot egiten jarraitzeko", gogorarazi du.

Hori guztia dela eta, EH Bilduk EAJri exijitzen dio "gezurrak esateari eta akusazio faltsuak botatzeari uzteko eta txertoak ahalik eta azkarren jartzeko lanari ekiteko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak