Politika -

AHAL DUGU NAFARROA

Begoña Alfarok aise irabazi ditu Nafarroako Ahal Duguko primarioak, botoen % 65ekin

Zarrakasteluko abokatuak adierazi du "gainezka" dagoela, azken orduotan jasotako zorion eta animo mezuekin. Ahal Dugu alderdia Nafarroan "berpiztezko" prest agertu da.

Begoña Alfaro, primarioetara aurkeztu berritan egindako agerraldi batean. Argazkia: @AlfaroBego.
Begoña Alfaro, Podemos Navarra
Begoña Alfaro, primarioetara aurkeztu berritan egindako agerraldi batean. Argazkia: @AlfaroBego.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Begoña Alfaro (Zarrakastelu, 1982) abokatuak alde handiarekin irabazi ditu Nafarroako Ahal Duguk otsailean abiatutako primarioak, botoen % 65,6 eskuratuta (455 boto), eta bera izango da idazkari nagusi berria. Herritarren Kontseilua eta Nafarroako Bermeen Batzordea berritu ditu barne hauteskundeokin alderdi moreak Foru Erkidegoan, eta atzo iluntzean eman ziren jakitera emaitzak. 

Alfarok, orain arte, ez du ez kargu organikorik ez publikorik izan Ahal Duguren zuzendaritzan, baina bera izan zen primariotara aurkezteko babes gehien lortu zuena, eta oso atzean utzi ditu beste bi hautagaiak; Ainhoa Aznarez foru parlamentariak bozen % 18,1 lortu ditu (126), eta Neniques Roldan kazetariak, % 16,3 (113).

Twitter sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez, Alfarok adierazi du "gainezka" dagoela, azken orduotan jasotako zorion eta animo mezuekin. "Indarra eta ilusioa" badagoela, eta Ahal Dugu alderdia Nafarroan "berpiztezko" prest agertu da.

"Nafarroako Ahal Dugu berrabiarazi" hautagaitzarekin lortu du Alfarok garaipena. Hautagaitza aurkezteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, bere taldeak "gaztetasuna eta gogoa Nafarroako erakunde eta lurraldeetan eskarmentua dutenekin" batu ditu. Bere esanetan, "gizarte mugimenduen indarra eta gertutasuna erakundeetara" eraman behar dira berriro, "politika eta gizartea asko urruntzen" ari direla uste baitu.

Hipotekak Kaltetutako Plataformarekin egindako lanagatik ezaguna, Eduardo Santosen lekukoa hartuko du Alfarok. Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia kontseilaria ere badenak irailean iragarri zuen ez zela berriro aurkeztuko, konpromiso etikoagatik.

Bere aldetik, Aznarezek ere, militanteei emandako babesa eskertzearekin batera, idazkari nagusi berria zoriondu du eta elkarlanerako borondatea agertu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa