Politika -

EAJ

Ortuzarrek "aberrigintzan inplikatzeko" deia egin die gazteei

Jeltzaleen presidenteak EGIren Kontseiluan hartu du parte. Esan duenez, Estatutua betetzetik "gertu" dago, eta Euskadik "une historikoa" bizi du.

Andoni Ortuzar, gaur, Donostian.
Andoni Ortuzar.
Andoni Ortuzar, gaur, Donostian.

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak euskal gazteria animatu du "aberrigintzan inplikatzera", Euskadi "une historikoa" bizitzen ari den honetan Gernikako Estatutua "betetzetik gertu" dagoelako. Hori ez da izango "gure bidearen amaiera, ibilbide berriaren hasiera baizik".

Ortuzarrek Euzko Gaztediren (EGI) Aberri Kontseiluko eta Herrialde Kontseiluetako kideek Donostian egin duten batzarrean parte hartu du, Aberri Egunaren aurreko asteburuan.

EAJren buruak alderdiko gazteen "heldutasuna eta erantzukizuna" eskertu du, ohiko EGI Eguna egin beharrean beste formatu bateko ekitaldi baten alde egin dutelako, "gaur egungo osasun egoerara hobeto egokitzeko".

Ortuzarrek Euskadiko etorkizunaren eraikuntzan berehala inplikatzeko mezua helarazi die gazteei. "Zuokin guztiokin kontatzen dugu, baina ez etorkizunari begira, hainbatetan entzun behar izan duzuen moduan. Orian behar zaituztegu, gaur bizi dugun orainaldian", esan du.

Bere ustez, gazteen ekarpenak beharrezkoak dira pandemiak ekarritako "paradigma aldaketari hel diezaiogun, zuek baitzarete XXI. mendeko mundua eraiki beharko duzuenok".

Era berean, "Euskadin aberrigintzan zabaltzen zaigun une historikoan" inplikatu behar direla uste du. Horrela, eskualdatzeke dauden eskumenei buruz hitz egin du. Esan duenez, 40 urteren ostean, "oso hurbil gaude Gernikako Estatutua betetzetik".

"Baina, une hori heltzen denean, hori ez da gure bidearen amaiera izango, ibilbide berri baten hasiera izango da. Euskadi askeago eta burujabeagorantz eraman behar gaituen bidea zabalduko da. Estatus berri bat, euskal hiritarrek erabaki eta adostu beharko duten zerbait", esan du.

"XXI. mendeko Euskadiz ari gara, zuoi dagokizuen zerbait, zuek baitzarete Euskadi hori zehaztu eta eraiki beharko duzuenok. Horra hor euskal gazteriak daukan erronka: XXI. mende bidezkoagoa eta oparoagoa eraikitzea Euskadi askeago batean", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar Eguneko albisteak Albisteak