Publizitatea
Itxi

2021/04/02

12:39

Politika

APIRILAK 4

Aberri Egunean subiranotasuna aldarrikatzeko deia egin du EH Bilduk

I. G. | EITB MEDIA

Aberri Eguna Euskal Herria Bateraren ekimenarekin bat eginez ospatzeko deia egin du alderdiak, "segurtasun neurri guztiak betez".

5:24
Arnaldo Otegi
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Aberri Eguna ospatzeko deia egin die herritarrei, bere esanetan, ongizatea bermatzeko ezinbestekoa den euskal estatu burujabea aldarrikatzeko.

EH Bilduk adierazpen bat kaleratu du gaur Ipar Euskal Herriko EH Bai bazkidearekin batera, 2021eko Aberri Egunaren harira. Alderdiak ez du ekitaldi espezifikorik egingo, eta, bere garaian iragarri zuen bezala, Euskal Herria Batera plataformak bultzatutako ekimenarekin bat egingo du.

Joan den urtean, konfinamendu hertsian, Aberri Eguna balkoietatik ospatzera deitu zuen; oraingoan, elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko plaza guztietan, keinu komun bat egiteko: hiru abesti herrikoi kantatzea.

Otegik "erabakitzeko eskubidean eta lurraldetasunean oinarritutako etorkizuna" aldarrikatu du, "oraindik munduak aitortu ez duen herri txiki honek bere harri-koskorra duelako giza eta planeta krisi honetan, ama lurraren iraunkortasunarekin eta pertsona ororen bizitza duinarekin".

Bere ustez, datorren hamarkada "erronka eta eraldaketa handiko garaia izango da, eta desberdintasun sozial gero eta handiagoak eta krisi klimatiko larria izango dira nagusi".

Aurre egiteko, EH Bilduk "subiranotasunaren alde" egin du, "Euskal Herriaren independentziari bidea irekitzeko, Espainiako eta Frantziako estatuen krisi sakonen itzalpean, autoritarismoaren eta desdemokratizazioaren joerak indartzen ari diren honetan".

"Ongizate sistema eraitsi nahi duen eraso argi bat gertatzen ari denean, pertsona guztiei bizitza duina emateko beharrezkoak diren politika publikoak bermatzea froga garbia da, gaur inoiz baino gehiago, subiranotasuna eta ongizatea eskutik helduta doazela erakusteko", aldarrikatu du Otegik.

Koalizio abertzalearen ustez, "erabaki horiek ezarri behar diren lurraldeetako erabakiguneak zenbat eta hurbilago egon, orduan eta eraginkortasun handiagoarekin erantzuten zaie egoera ezberdinei".

"2021eko Aberri Egun honetan lau haizetara aldarrikatu nahi dugu berdinen Euskal Herri burujabe bat loratzeko gure borondate irmoa, Karrantzatik Maulera, Tuteratik Pasaiara", gaineratu du.

Otegik "aipamen berezia" egin die ETAko presoei, "Euskal Herrian irekiko den prozesu soberanista bertan behera uzteko mendeku gisa Espainiako eta Frantziako estatuek gatibu izatera pasatu direlako", eta, Otegiren esanetan, egoerak okerrera egin du covid-19aren krisiaren ondorioz.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;