Politika -
Bilera-sorta
Ezker abertzalea Juan Carlos erregearekin bildu da, 18 urteren ostean
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak esku hartzeko eskatu dio erregeari, bake "erreala, egonkorra, iraunkorra eta bidezkoa" lortzeko.
Erredakzioa
Ezker abertzalea Juan Carlos I.a Espainiako erregearekin batzartu da ostegun honetan, 1993tik lehen aldiz. Duela 18 urte Jon Idigoras Herri Batasuneko (HB) diputatua joan zen Zarzuelara, eta gaur Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak egin du.
Hain zuzen ere, Mariano Rajoyren inbestidura saiora begira erregeak abiatutako bilera-sortaren baitan batzartu dira.
Bileran, diputatu abertzaleak gutun bat eman dio erregeari, eta horretan, Amaiurrek esku hartzeko eskatu dio, "Euskal Herriko gatazka behin betiko konpondu" eta "bake erreala, egonkorra, iraunkorra eta bidezkoa" lortzeko. Errekondoren hitzetan, erregea "ados" agertu da bake behar horrekin.
"Estatuburua den heinean, zera eskatu diogu berorren Maiestateari: esku har dezala Euskal Herriko gatazka behin betiko konpontzeko, eta lan egin dezala bake erreala, egonkorra, iraunkorra eta bidezkoa lortzeko, Giza Eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztien errespetua oinarri, eta aukera politiko guztiak eta Euskal Herriko borondate demokratikoa errespetatuta, independentzia barne", zehaztu du.
Amaiurreko diputatuaren hitzetan, gainera, erregeak "ondo" deritzo koalizio abertzaleak talde propioa izateari, eta eskaera Rajoyri helaraziko diola esan dio.
Erregearen keinua eta Errekondoren "Maiestate" aipamena
Errekondo janzkia eta gorbata grisa jantzia joan da Zarzuelara. Heltzean, "Egun on" esan dio erregeari, eta elkar agurtu dute.
Une oro, Juan Carlos I.a oso serio izan da, Errekondoren harreran zein bileran bertan. Amaiurreko ordezkariak haren bulegoaren barruan eman dio aipatu gutuna.
Diputatu abertzaleak erregearen aipamena nola egingo zuen ere zalantzan zegoen, eta prentsaurrekoan argi geratu da: "Berorren Maiestatea, estatuburua" esanda aipatu du.
Bilera sortaren amaiera
Estatuburuak Talde Mistoko alderdiekin abiatu zuen atzo bilera-sorta.
Gaur, Amaiur ez ezik, EAJ, UPyD eta IU ere hartu ditu goizean.
Arratsaldean, CiUrekin, PSOErekin eta PPrekin batzartuko da.