Politika -
ABERRI EGUNA
Ortuzar: "Herriaren indarrak eta autogobernuak pandemia gainditzen lagunduko dute"
Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Gernikako Estatutua osatzeko EAJren konpromisoa berritu du Batzar Nazional jeltzalearen aurrean.
I. G. | EITB MEDIA
Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Gernikako Estatutua osatzeko EAJren konpromisoa berritu du Batzar Nazional jeltzalearen aurrean, "gure etorkizuna erabakitzeko aukera emango digun itun politiko baten" bezperan.
"Gaur, nekea eta 'neke soziala' esaten dioten hori izan arren, gure gizarteari helarazi behar diogun mezua itxaropenezkoa da. Pandemia honetatik onik aterako garen itxaropena eta uste osoa. Herri honen indarrean eta erresilientzia gaitasunean sinesten dugu. Era berean, ziur gaude euskal autogobernua gai izango dela dauzkagun arazoei erantzun egokiak emateko. Indarra, ilusioa eta aurrera egiteko ideiak sentitzen ditugu".
Horixe izan da Ortuzarrek Aberri Eguna ospatzeko ekitaldian helarazi duen mezu nagusia. Aurresku baten interpretaziora eta Ortuzarren komunikazio politikora mugatuta geratu da ospakizun hori. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bizkaiko (Unai Rementeria), Arabako (Ramiro Gonzalez) eta Gipuzkoako (Markel Olano) ahaldun nagusiak eta Bilboko (Juan Mari Aburto) eta Gasteizko (Gorka Urtaran) alkateak izan dira.
Covid-19aren krisia oso presente egon da Ortuzarren hitzaldian. "Benetako abertzaleok, gure herriaren ordu erabakigarri honetan, orain iluntasuna dagoen lekuan argia jartzen lagundu behar dugu, arazoei aurre hartzeko konponbideak proposatuz, aurretik dugun lan bikainari ekiteko: covid-aren ondorengo Euskadi eraikitzea", adierazi du.
Aberri Egunaren harira, "gure beharrei erantzun eraginkorrena autogobernu handiagoaren, subiranotasun handiagoaren eta arazo eta proiektuei buruz hemen erabaki ahal izatearen eskutik etorriko dela uste duen alderdia" dela EAJ esan du Ortuzarrek.
Hori dela eta, "Gernikako Estatutua betetzea eta Euskadirentzat eskumen guztiak lortzea lehen urratsa" izango dela uste du, "autogobernurako estatus berria lortzeko lanek aurrera egin behar baitute, gure herrialdera itun politiko berri bat ekarriko duena, gure eta hurrengo belaunaldien etorkizuna erabakitzeko".
Hitzaldiaren une batean, EAJko presidenteak ikurrina zahar bat erakutsi du, 1903an Sabino Aranaren hilkutxan egon zen bera, 1978an Juan de Ajuriagerraren hiletan egon zen bera. Keinu horrekin, buruzagi abertzaleak oroitzapen berezia izan nahi izan du, batetik, pandemiagatik utzi gaituzten pertsona guztientzat eta, bestetik, euskal nazioaren bilakaerarako erabakigarriak ziren bi une haietan "esku abertzaleak egon zirela, euskal eskuak egon zirela, ikurrina hartu zutela, lekukoa hartu zutela, eta gure nazioa gaur dagoen tokira eramaten jakin zutela" gogorarazi nahi izan du.
Hitzaldiaren amaieran, Ortuzarrek nabarmendu duenez, Aberri Egun honetan EAJko emakume eta gizon guztiek "'baietz' esaten diogu euskal autogobernuari, 'baietz' subiranotasunari, 'baietz' gure etorkizuna lantzeari. 'Baietz' esaten diogu Euskadi aske bati!".