Publizitatea
Itxi

2021/04/16

20:58

Politika

Gernikako Estatutua

Eusko Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera izango du espetxeen eskumena

eitb media

Iragarri duenez, maiatzaren 10ean bilduko da Transferentzien Batzorde Mistoa, eta orduan egingo dira ofizial akordioak, tartean baita errepideen, Ondarroako itsas barrutiaren eta ISSNren eskumena ere.

3:8
Espetxeen eskumena. EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak iragarri du akordioa egin duela Espainiako Gobernuarekin beste lau eskumen bereganatzeko, eta urriaren 1etik aurrera bere esku egongo dela espetxeen eskumena.

Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko saiñburuak Lehendakaritzan emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, gainera, maiatzaren 10ean elkartuko da Transferentzien Batzorde Mistoa, eta espetxe eskumenekin batera, errepideena, Ondarroako itsas barrutiarena eta ISSNarena ofizial egingo dira.

Sailburuak adierazi duenez, Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu EAEko hiru espetxeen kudeaketa eta "Estatuko espetxe betearazteko eginkizuna". Era berean, "gure gain egongo dira espetxeen barruko hezkuntza, gizarte ekintza, gizarteratzea eta laneratzea…", zehaztu du.

Kartzelen kudeaketarako, Espainiako Gobernuari ematen zaion kupotik "70 milioi euro inguru" kenduko dituzte, eta EAEko aurrekontuetan sartuko dute.

Garamendik jakinarazi du Martutenen, Zaballan eta Basaurin 1.300 bat preso daudela gaur egun, tartean 100 emakume. Langraitzen lehen espetxea hartzen zuen eraikina ere Jaurlaritzarentzat izango da, baina Zubietako espetxe berria eraikitzen denean, Martutenekoa Espainiako Gobernuari itzuliko zaio. Zubietako presondegirako lanak martxoan esleitu zituen Espainiako Gobernuak, eta 2023ko udaberrirako amaituta egotea espero dutela adierazi du sailburuak. 

Errepideko garraioari dagokionez, Jaurlaritzak, Aldundien bitartez, EAEtik igarotzen den garraioa kudeatuko du aurrerantzean. Araban dagoeneko indarrean dago eskumen hori, baina Bizkaian eta Gipuzkoan ez. Eskumena indarrean jartzeko, hitzarmena sinatu beharko dute Aldundiekin, eta ordutik aurrera egongo da martxan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioak identifikazio bibliografikoaren nazioarteko kodea (ISSN) eskualdatzea ere jasotzen du, sailburuaren esanetan. Argitalpen seriatuak identifikatzeko nazioartean ezaguna den zenbaki bat da. Kudeaketa Espainiako Liburutegi Nazionalari egokitu zaio, eta eskualdaketa sinatu ondoren, eskumena euskal Administrazioaren esku geratuko da. Honako hauek lirateke ISSNaren gainean EAEra eskualdatu beharreko funtzio zehatzak: editoreen eskaerak jasotzea; interesgarritzat jotzen den lege gordailu bidez sartzen diren tituluak hautatzea; dokumentazio guztia baliozkotzea eta egiaztatzea; eta ISSNa esleituta duten aldizkako argitalpenak katalogatzea.

Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasako da transferentzia sinatzen denean. "Akordioa itxita dago eta, horri esker, Ondarroako portua biziberritzeko lanak bururaino gauzatu ahal izango dira", zehaztu du Garamendik. Garai batean eraikin militarra zena eta gero, 1995ean, beste Ministerio baten ardurapean geratu zena, eraitsi egingo da behin Jaurlaritzaren esku geratzen denean. Gune horretan biribilgune bat eta kamioak kargatzeko portutik irteteko sarbidea eraikiko da.

Garamendik gehitu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak lanean jarraitzen duela transferentzien egutegiko lehen blokean sartutako beste gai batzuekin, baina baita bigarrenean sartutako batzuekin ere. Horregatik, ez dute baztertzen Batzorde Mistoa egin bitarteko denbora tartean beste transferentziaren baten negoziazioa ixtea, tartean migrazioa eta aldirietako trenak.

Autogobernuan aurrera, ongizatean aurrera

Garamendik azpimarratu du "hiru hilabeteko negoziazioa, lan nekeza" izan dela, eta tartean oztopoak aurkitu dituztela: pandemia, aldaketak gobernuan, etab.

Baina "balioan jarri" du egindako lana, eta Miquel Iceta ministroarekin duela bi hilabete izandako batzarra aipatu du mugarri gisa.

Sailburuak esan du "egun garrantzitsua" dela gaurkoa, "pozarren" egoteko eguna dela "autogobernuan sinesten" dutenentzat.

Horren harira, "autogobernuan aurrera egitea, ongizatean aurrera egitea" dela aipatu du.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordeak esan du prest daudela Espetxeen eskumen "erabakigarria" kudeatzeko, kartzela eredu propioarekin, "berhezkuntzan, bersozializazioan eta bergizarteratzean" oinarritua. Gaur iragarritako lau eskumenekin, azpimarratu du Gernikako Estatutua osorik betetzeko "ibilbide luzean" aurrera egiten ari direla.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena