Politika -
Gernikako Estatutua
Hauek dira EAEk kudeatuko dituen lau eskuduntza berriak
Espetxeak, errepideko garraioa, identifikazio bibliografikoaren nazioarteko kodea (ISSN) eta Ondarroako Itsas Barrutia Jaurlaritzaren esku egongo dira.
eitb media
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak lau eskuduntza Euskadira transferitzea itxi dute ostiral honetan. Hain zuzen ere, hauek dira transferentziak:
- Espetxeak: Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu EAEko hiru espetxeen kudeaketa eta "Estatuko espetxe betearazteko eginkizuna", Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak azaldu duenez. Era berean, "gure gain egongo dira espetxeen barruko hezkuntza, gizarte ekintza, gizarteratzea eta laneratzea…", zehaztu du.
Kartzelen kudeaketarako, Espainiako Gobernuari ematen zaion kupotik "70 milioi euro inguru" kenduko dituzte, eta EAEko aurrekontuetan sartuko dute.
Garamendik jakinarazi du Martutenen, Zaballan eta Basaurin 1.300 bat preso daudela gaur egun, tartean 100 emakume. Langraitzen lehen espetxea hartzen zuen eraikina ere Jaurlaritzarentzat izango da, baina Zubietako espetxe berria eraikitzen denean, Martutenekoa Espainiako Gobernuari itzuliko zaio. Zubietako presondegirako lanak martxoan esleitu zituen Espainiako Gobernuak, eta 2023ko udaberrirako amaituta egotea espero dutela adierazi du sailburuak.
- Errepideko garraioa: Jaurlaritzak, Aldundien bitartez, EAEtik igarotzen den garraioa kudeatuko du aurrerantzean. Araban dagoeneko indarrean dago eskumen hori, baina Bizkaian eta Gipuzkoan ez. Eskumena indarrean jartzeko, hitzarmena sinatu beharko dute Aldundiekin, eta ordutik aurrera egongo da martxan.
- Identifikazio bibliografikoaren nazioarteko kodea (ISSN): Argitalpen seriatuak identifikatzeko nazioartean ezaguna den zenbaki bat da. Kudeaketa Espainiako Liburutegi Nazionalari egokitu zaio, eta eskualdaketa sinatu ondoren, eskumena euskal Administrazioaren esku geratuko da. Honako hauek lirateke ISSNaren gainean EAEra eskualdatu beharreko funtzio zehatzak: editoreen eskaerak jasotzea; interesgarritzat jotzen den lege gordailu bidez sartzen diren tituluak hautatzea; dokumentazio guztia baliozkotzea eta egiaztatzea; eta ISSNa esleituta duten aldizkako argitalpenak katalogatzea.
- Ondarroako Itsas Barrutiko eraikina Jaurlaritzaren eskuetara pasako da transferentzia sinatzen denean. "Akordioa itxita dago eta, horri esker, Ondarroako portua biziberritzeko lanak bururaino gauzatu ahal izango dira", zehaztu du Garamendik. Garai batean eraikin militarra zena eta gero, 1995ean, beste Ministerio baten ardurapean geratu zena, eraitsi egingo da behin Jaurlaritzaren esku geratzen denean. Gune horretan biribilgune bat eta kamioak kargatzeko portutik irteteko sarbidea eraikiko da.