Politika -
Fiskaltzaren ikerketa
Ernai: "Gorroto delitua zaurgarriak babesteko da; Ertzaintza ez da inondik inora"
Hala, gazte antolakundeak uste du Jaurlaritza "barregarri" geratzen ari dela Fiskaltzari horren inguruko ikerketa aurkeztuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Izar Hernando Ernairen bozeramailearen ustez, Eusko Jaurlaritza "barregarri" geratzen ari da gazte antolakundeak Ertzaintzaren kontra egindako pintada, mezu eta kartelak Fiskaltzari bidali eta gorroto delitua ote dagoen ikertzeko eskatu eta gero. Izan ere, azaldu duenez, gorroto delitua "kolektibo zaurgarriak babesteko bide judiziala da, eta Ertzaintza ez da, inondik inora, kolektibo zaurgarri bat".
Donostian eskainitako prentsaurreko batean nabarmendu duenez, "Euskal Herrian badira kolektibo zaurgarriak gorrotoa egunero pairatzen dutenak eta horien aurrean, sekula ez du Lehendakaritzak bide hau baliatu".
Hernandok azaldu duenez, Ernaik "prentsaren bidez" izan du gaiaren berri, Erkorekak Ernairen pintaketak, kartelak eta mezuak Ministerio Publikoaren esku utzi zituela baieztatu ostean, ikertzeko. Salatu duenez, orain arte "inork ez dio hitza eman" Ernairi gai honetan, eta hori "zentzugabekeria" dela esan du.
Ezker abertzaleko gazte erakundeko bozeramaileak gogorarazi duenez, gorroto delitua "migratzaileak bezalako sektore ahulak babesteko bide juridikoa da. Barregarria iruditzen zaigu. Are gehiago, Ertzaintzaz ari bagara, kolektibo hori ez baita inola ere zaurgarria", azpimarratu du.
Hernandoren hitzetan, "argi eta garbi ikusten dugu EAJk pandemian zehar eta azken urteetan izandako kudeaketa txarretik desbideratu nahi duela", eta Donostiako metroaren lanak eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan izandako azken istripua aipatu ditu adibide gisa.
"PNVk badaki pagotxa amaitzen ari zaiola. Kudeaketa onaren titulua erortzen ari zaie, eta arreta desbideratu beharra dute", gaineratu du Ernaiko buruzagiak, eta egoera "ezker independentistaren aurkako kanpaina baten barruan" kokatu du.
"Erkoreka jaunak Ernai aipatzea baino lan garrantzitsuagorik ez du. Antza denez, kartelak eta pintadak gorroto-delituarekin lotzea da Segurtasun sailburu gisa gizarteari eman diezaiokeen gauzarik onena, asteak eman baititu gai horri buruz hitz egiten", azpimarratu du.
"Egia esan, barregarria da egiten ari direna. Lotsagarria zuen legegintzaldian, pandemia garai honetan eta krisialdiaren atarian, horretan aritzea, eta are gehiago, gizarte osoa zirku horri begira jarri nahi izatea", azpimarratu du.
Amaitzeko, Ernai "seinalatzeari" eta" kriminalizatzeari "utzi eta, "behingoz, herri honen alde lanean" has daitezela eskatu die Erkorekari eta Iñigo Urkullu lehendakariari.