Politika -

Biktima isildua

BVEk bortxatu eta hil zuen Maria Jose Bravorentzako arrosak, Donostian

16 urteko ikaslearen krimen basatia sekula ez dute ikertu. 41 urte isilean eman ondoren, hiriak omenaldia egin dio Loiola auzoan.

Maria Jose Bravo del Valleri omenaldia Donostiako Loiola auzoan. Argazkia: EFE
Maria Jose Bravo del Valleri omenaldia Donostiako Loiola auzoan.
Maria Jose Bravo del Valleri omenaldia Donostiako Loiola auzoan. Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BVEk (Batallon Vasco-Español) Maria Jose Bravo del Valle bortxatu eta hil zuen 1980ko maiatzaren 7an, Donostian. 16 urteko ikaslearen krimen basatia sekula ez dute ikertu. Larunbat honetan omenaldia egin diote, plaka bat jarriz.

41 urte isilean eman ondoren, hiriak omenaldia egin dio Loiola auzoan, gaztea bizi zen etxetik gertu. Udalak plaka bat jarri du lurrean, haren memoria gordetzeko. Donostiako beste toki batzuetan antzeko plakak jarri dituzte dagoeneko, beste erasoetako biktimak gogorarazteko.

Bravoren lagunak zein senideak eta Udalbatzako kideak, tartean Eneko Goia alkatea, Latsari plazan bildu dira. Isilean, Donostiako txistulari bandak jotzen zuen bitartean, banan-banan arrosa zuriak eta lore sortak jarri dituzte plakaren gainean.

Txalo artean ekitaldi hunkigarriari amaiera eman diote. Zuriñe Bravo biktimaren ilobak kritikatu duenez, omenaldia "berandutxo" heldu da.

Donostiako Udalak ekimen berdinean omentzen duen hamabigarren biktima da. Iragan legealdian plakak jartzen hasi zen, "terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei esparru publikoan ikusgarritasuna emateko".

BVEko kideek Maria Jose eta haren mutil-laguna, Francisco Javier Rueda Alonso, Loiolako kuartel militarretik hurbil harrapatu zituzten. Rueda Alonso astindu eta konorterik gabe utzi zuten. Bikotekidea zortzi urte geroago hil egin zen, zauri larrien ondorioz.

Emakumea Zorroagako eremu batera eraman, bortxatu eta burua kolpeka txikitu zioten. Gorpua biharamunean topatu zuten, biluzik gerritik behera.

Maria Jose Bravo del Valle gogorarazteko plaka, Donostian. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak 2015ean udalen eskura jarritako dokumentuan agertzen dira xehetasun horiek guztiak.

Txostenak zehaztu zuenez, ultraeskuineko erakunde terroristak hilketa bere gain hartu zuen. "ETAren isil-mandataria delako hil dugu", aldarrikatu zuen BVEk orduan. Baina familiak beti gezurtatu eta ukatu du, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakitera eman duenez.

1980an gertatutakoa jende gutxik daki edo gogoratzen du. Horregatik, izekoaren hilketari "ikusgarritasuna ematea" ongi iruditzen zaio ilobari, baita "jendeak ezagutzen ez dituen beste hainbat kasuri ere".

"Gobernu Zibilak froga guztiak suntsitu zituen"

Krimena ikertzen saiatu zen familia, baina "Gobernu Zibilak froga guztiak suntsitu zituen", Zuriñe Bravok salatu duenez. "Ezin izan zuten ezer ikertu, frogak desagertu ziren, arropa desagertu zen, guztia desagertu zen, zer ikertuko dute. Ezin izan zuten ezer egin", nabarmendu du.

"Hor geratu da, ahanzturan", deitoratu du Maria Joseren ilobak. Patxi Lopez lehendakari zenean, eskaera egin eta Eusko Jaurlaritzak izekoa biktimatzat aitortu zuen, baina Espainiako Gobernuak ez du gauza bera egin.

Nahiz eta denbora asko pasa, familiak Maria Joseren hilketa gogoan izan du beti, Zuriñek ziurtatu duenez. 1980an Zuriñe haurtxo bat baino ez zen.

"Noski, ez dut gogoratzen, baina familiaren atsekabea bizi izan dut. Aitak aurpegiaren keinua aldatzen du, bere arreba txikia zen. 14 urteko alaba dut, antzerako zerbait gertatzen bazaio, hilko ninduen. Oso gogorra da, ez bakarrik hil izana, guztia. Neskatxa bat zen", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Delituak Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Loiola auzoa albisteak