Politika -

Ustelkeria politikoa

EAJk eta PSE-EEk uko egin diote ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeari

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du taldeek ustelkeriaren aurrean duten jarrera ezin dela testuinguruaren eta alderdien interesen menpe egon.

Urkullu eta Erkoreka, ostegun honetan Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran. Irudia: EFE
Urkullu eta Erkoreka, ostegun honetan Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran.
EAJk eta PSEk atzera bota dute EH Bilduk proposatutako ustelekeriaren kontrako bulegoa

1:28

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarrak atzera bota du, EAJren eta PSE-EEren botoekin, EH Bilduk ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko aurkeztutako lege proposamena. Erakunde autonomikoetan jokabide susmagarriak ikertzea litzateke bulego honen asmoa.

Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman du, baina PP+Cs abstenitu egin da eta EAJk, PSE-EEk eta Voxek kontra bozkatu dute. Beraz, bertan behera gelditu da EH Bilduren proposamena.

Bigarren aldia da EH Bilduk lege hori aurkezten duena. Josu Estarrona legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrean gogorarazi du koalizioak joan den legealdian aurkeztu zuela ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko lege proposamena. Orduan, baina, hauteskundeak aurreratu eta Legebiltzarra desegin zenez, ekimena bertan behera geratu zen.

Koalizioak berriro aurkeztu zuen proposamen hori, eta, Jaurlaritza, aurreko legegintzaldian ez bezala, bulego hori sortzearen aurka azaldu da oraingoan, uste baitu Euskadik baduela tresna juridiko eta instituzional bat gardentasuna bultzatzeko eta administrazioetan ustelkeriari aurre egiteko.

Estarronak Jaurlaritzaren "irizpide aldaketa" kritikatu du eta EH Bilduk legealdi honetan egindako proposamenaren eta aurreko testuaren arteko alde bakarra praktika irregularren edo ustelen salatzaileen anonimotasuna indartzea dela azpimarratu du.

Taldeek ustelkeriaren aurrean duten jarrera "ezin da testuinguruaren eta alderdien interesen menpe egon", esan du De Miguel eta Karrantzako minda auziei erreferentzia eginez. Edo "ustelkeriaren edo entxufismoaren aurka zaude" edo, "horiek baimendu eta horiek desagerrarazteko neurririk hartu ezean, horiekin bat zatoz".

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak adierazi duenez, Euskadik "ez du prebentzio kontrolerako organorik, erabat ondo funtzionatzen ez duten ondorengo kontrol organoak baizik".

Jon Andoni Atutxa EAJren legebiltzarkidearen hitzetan, EH Bilduren proposamenak "prebentiboa baino errepresiboa" den eredu bat defendatzen du, eta, Ekain Ricok (PSE-EE)  "bederatzi hilabete baino gehiago izozkailuan egon den ekimen bat bertatik atera izana" salatu du.

Amaia Martinez Vox alderdiko legebiltzarkideak, bestalde, uste du beharrezkoa dela EAEko ustelkeria ikertzea, "are gehiago euskal nazionalismoaren historia ikusita", baina uste du ez duela zentzurik "beraiek aukeratutako bulego batekin egiteak, EAJri interesatuko litzaiokeen zentzuan adieraziko eta epaituko luketen langileekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Parlamentua