Politika -
Donostia
Sortuk "euskal errepublika" eskatu du "eredu aldaketa" lortzeko
200 pertsona baino gehiago bildu dira larunbat honetan Sortuk "Burujabetza berreskuratu" lelopean Donostian deitutako manifestazioan.
Agentziak | EITB MEDIA
Gaur egungo eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketa ekarriko duen "euskal errepublika independente, feminista eta sozialista" eskatzeko asmoz, 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute larunbat honetan Sortuk deitutako manifestazioan.
Donostiako Aste Nagusiaren hasieran ezker abertzaleak egin ohi duen deialdia izan da gaurkoa, pandemiaren ondorioz jaiak ospatuko ez diren arren. Hala ere, martxan 17:30ak aldera hasi da, Donostiako Boulevardetik abiatuta.
Parte hartzaileak bi zutabetan ibili dira hiriko erdiguneko hainbat kaletan, "Burujabetza berreskuratu" zioen pankarta baten atzean.
Boulevardeko kioskotik, manifestazioaren sustatzaileetako bat hurbildutakoei zuzendu zaie, eta ekimena "bizitzaren apologia" dela eta "kapitalaren interesak defendatzen dituen egungo ereduaren" aurka doala adierazi du.
Era berean, deitoratu du egungo sistema "heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialistak" gizartea "kolapsora" eta "desagertzera" bideratzen duela, eta zentzu horretan, "bizitzaren aurka" doala.
"Subiranotasuna berreskuratzeko" beharra azpimarratu du, "nola kontsumitu nahi den, zer produktu eta nola ekoitzi behar diren erabaki ahal izateko", besteak beste.
"Urte batetik bestera" Estatutuaren erreformei buruz eztabaidatzen ari direnen aurrean, manifestazioaren deitzaileek "euskal errepublika" babestu dute "sistema aldaketa" lortzeko "tresna" gisa, eta "erabakitzeko eskubidea" eskatu dute.
Helburu horiek lortzeko, bozeramaileak dei egin die herritarrei, "plazaz plaza", "herriz herri", eredu aldaketa bultzatzeko, eta, horretarako, "Euskal Herrian indar nahikoa" dagoela adierazi du.
Sortuk Donostian garatzen ari den "hiri eredua" ere kritikatu du, eta "eredu suntsitzaile hau indartzen duten" proiektuak salatzen jarraituko duela gogorarazi du.