Politika -
PARLAMENTO EN LAS ONDAS
Estatutuaren erreformaren eztabaidari betorik ez ezartzea eskatu dute EAJk eta EH Bilduk
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdien iritzian, berriz, estatutu berriaren inguruko eztabaida ez da lehentasunezkoa. Halere, talde guztiek hartuko dute parte prozesuan. Ondo bidean, udazkenean hasiko da.
EITB MEDIA
Radio Euskadiko solasaldi politikoan, besteak beste, EAEko estatutuaren erreforma izan dute hizpide. Jose Antonio Suso EAJko legebiltzarkidearen arabera, eztabaida desbideratu nahian dabiltza hainbat alderdi, eta jeltzaleak prest daude prozesua "zuzentzeko". Halere, eztabaidari betorik ez jartzeko eskatu die gainerako taldeei.
Ildo beretik mintzatu da Nerea Kortajarena EH Bilduko ordezkaria ere. Horren hitzetan, burujabetzan aurrera egiteko ezinbestekoa da estatutu berriaren eztabaidari ekitea.
Gainerako alderdien ustez, berriz, ez da lehentasunezko gaia euskal gizartearentzat gaur egun. Eneko Andueza sozialistak eta Isa Gonzalez Elkarrekin Podemoseko kideak nabarmendu dute Euskadik beste erronka batzuk dituela parez pare: osasun krisia, Next Generation funtsen kudeaketa edota zerbitzu publikoen indartzea aipatu dituzte. Halere, autogobernuaren ponentzian parte hartuko dutela eta euren ekarpena egiteko prest daudela adierazi dute.
PP eta VOX ere izango dira ponentzian. Carmelo Barrio popularraren iritzian, Gernikako Estatutua erreformatzeko prest legoke PP, baldin eta herritarren arazoak konpontzea balitz helburua. Hori bai, erabakitzeko eskubidea ez dutela inolaz ere babestuko nabarmendu du. Vox alderdiko Amaia Martinezek, bere aldetik, estatutuaren inguruko eztabaidak zatiketa eta liskarra eragingo dituela uste du.