Itxi

Politika

MEMORIA HISTORIKOA

EAE, Nafarroa eta beste erkidego batzuetako ordezkariek Gerra Zibileko biktimen erroldak bateratu nahi dituzte

A. S. | EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldian, hainbat erkidegotako eta Estatuko ordezkariak bildu dituzte. Bi erakundeek ekainean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren lehen ondorio da gaurko jardunaldia.

1:13
Erorien Harana. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gogora Institutuak eta Nafarroako Memoriaren Institutuak Espainiako Estatuko sei erkidegotako ordezkariak batu dituzte Bilbon, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimen errolden inguruko jardunaldian. Euskadik lehen errolda osatuta, gainerako erkidegoei egindako lanaren berri emateko baliatuko dute eguna.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, "Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren biktimen erroldak" izeneko jardunaldia egin da asteazken honetan Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon.

Ekainean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren lehen ondorio da gaurko jardunaldia. Katalunia, Andaluzia, Galizia, Asturias, Valentzia eta Gaztela-Mantxako ordezkariek Gerra Zibileko eta frankismoaren biktimen erroldak osatzeko egiten ari diren lanaren berri eman dute.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak nabarmendu egin du topaketa ahalbidetu duen bi erakundeen arteko lana, elkarrekin lan egin nahi izateak "benetako konpromisoa" islatzen baitu, "gure memoria-politiken oinarri diren printzipioak eta balioak partekatzen ditugulako".

Sailburuordeak berretsi egin du Jaurlaritzak biktimekiko eta giza eskubideekiko duen konpromisoa, eta Euskadi horren adibide garbia dela esan du, 21.000 izen bildu dituen errolda osatu baitu, Espainiako Estatuko lehena.

Estatu osoko errolda osatzeko lege-proiektua abian den honetan, gaurko jardunaldiko esperientziak ezagutzearen garrantzia azpimarratu du, berriz, Diego Blazkez Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako zuzendariak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena