Politika -

ATXILOKETA SARDINIAN

Puigdemontek Aragonesen eta ERC eta Junts alderdien babesa jaso du L 'Alguerren

Prentsaurrekoan, Puigdemontek Kataluniako independentziaren aldeko konpromisoa berretsi du. Bestalde, Puigdemonten zein erbesteratu guztien kontrako auzi judizialak eta atxilotze aginduak bertan behera uzteko eskatu du Pere Aragonesek.

Carles Puigdemont, Pere Aragones eta Jordi Puignero L'Alguerre. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont, Pere Aragones eta Jordi Puignero L'Alguerre. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont, Pere Aragones eta Jordi Puignero L'Alguerre. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Kataluniaren independentziarekin duen konpromisoa berretsi du larunbat honetan: "Gure helburua lortzeko borrokarekin jarraituko dugu. Ez dugu amore emango. Nik Europan zehar bidaiatzen jarraituko dut ". Puigdemont ostegunean atxilotu zuten Sardinian (Italia), Espainiako Auzitegi Gorenak aginduta, eta ostiralean aske utzi zuten.

L 'Alguerren emandako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek. Bertan izan dira Gonzalo Boye abokatua, Josep Lluis Alay Carles Puigdemonten Bulegoko burua eta Mario Conoci Italiako udalerriko sindikoa, Pere Aragones Generalitateko presidentearekin eta Jordi Puignero presidenteordearekin bildu ostean.

"Pozik nago azken emaitzarekin. Gure argudio politiko eta juridikoak frogatuta daude. Argudioak oso sendoak ziren. Italiako justiziak ordu batzuk behar izan ditu Espainiak lau urtetan hartu ez duen erabaki bat hartzeko", gaineratu du.

Halaber, Espainiako Gobernuak soilik "Parlamentuan babesa ematen diotenekin hitz egin" nahi duela adierazi du, eta "Pedro Sanchezen planetan ez dagoen alderdi independentista bat egotea" deitoratu du.

Bestalde, Pere Aragones Generalitateko presidenteak elkartasuna adierazi dio Puigdemonti. Aske geratu izana pozgarria dela esan du, baina askatasuna ez dela "erabatekoa" ere salatu du.

"Espainiako Estatuaren errepresioak aurrera jarraitzen" duela salatu du Aragonesek eta "irtenbide bakarra amnistia" dela defendatu du, L'Alguerren (Sardinia) Puigdemont berarekin bildu ostean.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian, Kataluniako presidenteak "askatasun osoa" eskatu du, "Puigdemonten eta erbesteratuen aurkako atxilotze agindu guztiak kentzea, mugimendu independentistaren aurkako errepresioa amaitzea eta irtenbide politiko bat lortzea, amnistia eta autodeterminazio eskubidearen erabilera aitortzea".

Aragonesekin batera izan da Sardinian Jordi Puignero Kataluniako Gobernuko presidenteordea ere.

Pere Aragones y Carles Puigdemont pasean por Alguer. Foto: EFE

Pere Aragones y Carles Puigdemont pasean por Alguer. Foto: EFE

Puigdemont: "Ohituta nago Espainiaren jazarpenera"

Aragonesekin egon aurretik, Christian Solinas Sardiniako presidentearekin eta Mario Ponoci L'Alguerreko alkatearekin bildu da goizean Puigdemont. "Espainiaren jazarpenera ohituta nago, baina azkenean beti gertatzen da gauza bera: librea naiz eta borroka egiten jarraituko dut", adierazi du hedabideen aurrean.

Puigdemont ostegunean atxilotu zuten, L'Alguerreko aireportuan, Espainiako Auzitegi Gorenaren agindu bat oinarri hartuta.

Adifolk elkarteak antolatutako ekimen batean parte hartzera joan zen Sardiniara Puigdemont, Kataluniako beste hainbat ordezkarirekin batera, tartean, Victoria Alsina Generalitateko Atzerri Gaietako kontseilaria. L'Alguerreko aireportuan lur hartu orduko, Italiako Poliziak atxilotu egin zuen, eta Sassariko espetxean sartu zuten, harik eta atzo arratsaldean hiri horretako Apelazio Auzitegiak inolako neurririk gabe libre uztea erabaki zuen arte.

Orain, Espainiak Puigdemonten kontra igorria duen euroaginduaren auzia argitu beharko du Italiako Justiziak, eta deklaratzera itzuli beharko du presidente ohiak urriaren 4an Sassariko Auzitegira.

Puigdemont aske uztearen berria txalotu egin zuen Aragonesek, sare sozialetan zabaldutako mezu batean: "Puigdemont aske geratzea ospatzen dugu, baina duela lau urtetik hona erbestean bizitzera behartzen duen jazarpen judiziala gaitzesten jarraitzen dugu".

Aurrez, Generalitatean egindako agerraldi batean, Kataluniako presidenteak eta hainbat kontseilarik gogor salatu zuten atxiloketa, eta Espainiako Gobernuarekin abiatu berri duten elkarrizketa prozesuan gertaera honek ez duela ezertan lagunduko adierazi zuten. Indenpendentismoaren kontrako "errepresioa" bertan behera uzteko eskatu zion Aragonesek Espainiako Gobernuari.

Euskal indar politiko nagusiek ere atxiloketa salatu zuren, eta elkartasuna adierazi zieten berari eta Kataluniako herriari. Ildo beretik mintzatu zen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehendakariordea; horren hitzetan, Puigdemonten atxiloketa "arazo politiko bat judizializatu" izanaren ondorio da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Europar Batasuna Bartzelona Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Europa Eguneko albisteak Albisteak Italia Carles Puigdemont