Politika -
GERNIKAKO ESTATUTUA
Alderdiek balorazio aski desberdinak egin dituzte gaur, Gernikako Estatutua onartu zeneko 42. urteurrenean
EH Bilduk Estatutua agortuta dagoela eta Estatus berriaren aldeko urratsak ezinbestekoak direla esan duen bitartean, PSE-EEk ezberdinen arteko akordioa dela goraipatu du. PPk, berriz, ezkorrago agertu da eta egungoa bezain plurala ez dela izango uste du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gernikako Estatutua onartu zeneko 42. urteurrena betetzen da astelehen honetan eta balorazio aski desberdinak egin dituzte alderdiek.
Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak salatu duenez, Euskadiko Autonomia Estatutua onartu eta 42 urtera, lege organiko hori "bete gabe" dago, 30 bat eskumen Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeke baitaude.
Iriartek EH Bilduk Gernikako Estatutua onartu zeneko 42. urteurrena dela eta Gasteizen egindako ekitaldian parte hartu du, eta "atzerapen maniobrak" alde batera uzteko eta estatus berriaren inguruan duen jarrera zein den argitzeko eskatu dio EAJri. Hori lortzeko, euskal gizartearen etorkizuneko erronka nagusiei aurre egiteko aurrera egitea beharrezkoa dela defendatu du.
PSE-EEk astelehen honetan azpimarratu duenez, autogobernuarekin duten konpromisoa "etengabea, zintzoa eta pitzadurarik gabea izan da".
Bideo bat argitaratu dute Gernikako Estatutuaren 42. urteurrena "merezi duen bezala ospatzeko". Bertan, gogorarazi dute beti egon direla presente akordio handi guztietan, "aniztasunaren defentsan eta Estatutuak dakarren barruko eta kanpoko itunaren espirituan".
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak Autonomia Estatutuaren "letra eta espiritua" eta garapen "osoa eta leiala" defendatu ditu astelehen honetan.
Halaber, Estatutua aldarrikatu du "Euskal gizartearen zerbitzura dagoen autogobernuaren topagune eta tresna gisa", eta ohartarazi du EAJk eta EH Bilduk "maniobrak" egiten dituztela "deuseztatzeko" eta estatus berri batekin ordezkatzeko, "egungo euskal gizartearen aniztasunarekin bateraezina dena".
EAJK eta Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, ez dute ekitaldirik ez adierazpenik egin.