Politika -

Eusko Legebiltzarra

Lehendakariak 'biktimismoa' saihesteko kartzela-politika eskatu du

Terrorismoari zilegitasuna kentzeko bidean "biktimismoa desagerraraztea" beste pauso bat dela adierazi du Patxi Lopezek.

Patxi Lopez lehendakaria. Argazkia: EITB
Patxi Lopez lehendakaria.
Espetxe-politika 'inteligentea' behar dela berretsi du Lopezek

00:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak berretsi du kartzela-politika "inteligentea" behar dela ETAko presoen "biktimismoa" galarazteko.

Patxi Lopezek erantzun horixe eman dio Basagoitik (PP) terrorismoari zilegitasuna kentzeko politikei buruz egindako galderari, Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan.

Lehendakariak kartzela-politika izan du hizpide Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea ETAko presoak hurbiltzearen alde agertu eta biharamunean.

Lehendakariak azaldu duenez, terrorismoari zilegitasuna kentzeko "biktimismoa" desagerrarazi behar da, eta "kartzela-politika modu inteligentean erabili biktimak ez direnak biktimismora jo ez dezaten".

"Zuzenbidezko Estatuaren barruan" kartzela-politika egokia egin daitekeela iritzi dio, eta horrela "mendeku politikarik ez dagoela" erakutsi.

Lehendakariak terrorismoari zilegitasuna kentzeko legegintzaldian hartu dituen erabakiak goraipatu ditu, izan ere, horrekin eta Poliziaren lanari, nazioartearen laguntzari eta Justiziari esker, ETA armak uztera behartu dutela esan du.

Basagoiti

Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak, bere aldetik, ezker abertzalearen "aldarrikapenekin ez nahastea" eskatu du, horrek "indarra eta zilegitasuna" ematen diolakoan. "Ezker abertzalea hazi egiten da presoen inguruan arrazoia ematen zaionean edo poliziak eta hiltzaileak parekatzen direnean", azpimarratu du buruzagi popularrak.

Jaurlaritzak ez du "gustuko" Patxi kartzelatu izana

Bestalde, Rodolfo Ares Justizia sailburuak adierazi du Jaurlaritzak ez duela "gustuko" Juan Francisco Gomez Lopez Patxi ETAko kide ohiari behin behineko askatasuna kendu eta kartzelatzea. Dena dela, Auzitegi Gorenaren erabakia "errespetatu eta onartzen" duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea