Politika -

Elkarrizketa

Soraya Morla: "Ez dut irabazteko itxaropenik, baina beste aukera bat aurkeztea garaipen bat da"

PSE-EEko Idazkaritza Nagusirako hautagaiak salatu duenez, primarioen prozesuan "etsai giroa" nagusitu da eta "irainak" jaso ditu. Salaketa aurkeztu du alderdiaren berme batzordean.

Morla, artxiboko argazki batean. EFE
Morla, artxiboko argazki batean.
Morla, artxiboko argazki batean. EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soraya Morla PSE-EEko Idazkaritza Nagusirako hautagaiak aitortu du ez duela Eneko Anduezaren kontrako lehian "irabazteko itxaropenik". "Handinahikeri bat litzateke baietz esatea, ez litzateke zintzoa izango", onartu du. Dena dela, azpimarratu du "beste aukera bat aurkeztea garaipen" bat izan dela.

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Basauriko zinegotzi ohiak esan du barne hauteskundeetan "etsai giroa" nagusitu dela . Morlaren arabera, "arazoak egon dira abalak biltzeko, nire kontrako irainak ere egon dira. Salaketa aurkeztu dut alderdiaren Berme Batzordean".

Anduezaren proiektuarekin bereak dituen ezberdintasunez galdetuta, Morlak erantzun du "ezkerreko beste alderdiekin akordiorako bideak" aztertzearen alde dagoela. "Azken urteetan EAJri eskua emanda egon gara", deitoratu du. Ildo berean, aipatu du EH Bildu, "EAEko ezkerreko alderdi nagusiena" den aldetik, solaskideetako bat izango litzatekeela, baina koalizioak "terrorismoa gaitzesteko eta iragan beldurgarri horretatik aldetzeko bidea" baduela erantsi du.

Anduezak tankerako zerbait nabarmendu zuela eta, "pozik" hartu ditu adierazpenok Morlak, baina gogorarazi du 2020an, EH Bildu hor egonda, EAJrekin ituna egin dutela berriro sozialistek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza