Politika -
Zuzenketa bateratuak
PSOE eta Unidas Podemos Mozal Legea indargabetzeko azken xehetasunak ixten ari dira
Besteak beste, gomazko pilotak debekatzea, isunetan proportzionaltasun irizpidea erabiltzea, jakinarazi ez diren manifestazioei isunak kentzea edo polizia-etxean identifikatzeko denbora murriztea mahai gainean daude.
Agentziak | EiTB Media
PSOE eta Unidas Podemos Mozal Legea indargabetzeko zuzenketa bateratuen azken xehetasunak ixten ari dira. Besteak beste, manifestazioetan istiluak daudenean, Estatuko Segurtasun Indarren protokoloetan gomazko piloten erabilera debekatzea mahai gainean dago.
Horrela, negoziazioko iturrien arabera, oinarrizko proposamen bat dago, nahiz eta oraindik behin betikoa ez izan, protestetan liskarrak gertatzen direnean lesioak sor ditzaketen materialak erabiltzea debekatzeko.
Poliziak gomazko pilotak erabiltzeko debekua ezarri nahi dute batez ere; izan ere, zenbait manifestarik begi batean ikusmena galdu dute azkenaldian, istiluetarako material horren eraginez.
Era berean, isuna jarritako pertsonei proportzionaltasun irizpide bat aplikatzea nahi dute aldeek. Horrela, manifestarien diru-sarrera gaitasunari lotu nahi diote, zenbatekoak murrizteko.
Konkretuki, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,5 aldiz gutxiago kobratzen dutenei isuna erdira murriztea nahi dute, eta 1,5 -2,5 aldiz gutxiago jasotzen dutenek soilik isunaren % 25 ordaintzea.
EAJk bultzatutako lege-proiektuari zuzenketak aurkezteko epea litekeena da asteazkenean amaitzea, urte bat baino gehiago geldi eman ondoren. Horrela, azken xehetasunak adosten ari dira koalizio Gobernuko bi indar politikoek. PPk Mozal Legea 2015ean onartu zuen.
Rafael Simancas (PSOE) eta Enrique Santiago (Unidas Podemos) Estatu idazkariak zuzentzen ari dira negoziazioa. Atzerritarren inguruko gaiak testutik ateratzea adostu dute, mugetako berehalako kanporatzeak, esaterako.
Bestalde, aldez aurretik jakinarazi ez diren manifestazio baketsuei ezarritako isunak kentzea planteatu dute negoziazioan. Desordena publikoak edo indarkeria sortzen direnean soilik zigortuko lirateke.
Era berean, polizia-etxeetan identifikatzeko denbora murrizteko zuzenketa bateratu bat idatzi nahi dute. Gehienez bi ordu ematea proposatu dute, "egiaztagarriak" diren salbuespeneko kasuetan izan ezik.
Komunikabideen eskakizunei dagokienez, polizien edo haien familien intimitate edo segurtasun eskubideari eragiten ez dioten irudiak hartzea eta zabaltzea ezin izango dira zigortu.