Politika -
Kontrol saioa
Gobernuak autonomien Estatua berrikusiko du
Mariano Rajoyren Exekutiboak uste du hainbat erakunde autonomiko eta enpresa publiko "soberan" daudela.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aitortu du administrazioen artean "bikoiztasun gehiegi" daudela eta hainbat erakunde autonomiko eta enpresa publiko "soberan" daudela. Horrenbestez, Administrazioa erreformatu egingo dutela iragarri du.
Rajoyk Rosa Diez UPyDko bozeramailearen galdera bati erantzunda egin du iragarpena, Diputatuen Kongresuan, Gobernuaren kontrolerako saioan. Hain zuzen ere, Estatua "berriz sortzeko" dei egin dio Diezek, herrialdeak "ezin" baitu "edozein gauza 17 aldiz".
Hori horrela, Rajoyk aurreratu du hurrengo Ministro Kontseiluan txosten bat aurkeztuko dutela, eta ondoren hainbat erakunde eta enpresa publiko kentzea erabakiko dute.
Gobernuburuaren esanetan, erkidegoekin lanean ari dira, "haien autonomia errespetatua", defizita kontrolatzeko, baina "aurki" merkatuaren batasuna, bikoiztasunak eta beste hainbat gai hartuko dituzte hizpide.
Hurrengo hilabeteetan, gainera, hainbat lege eta plan bateratuko dituzte, hala nola hezkuntzarena, formakuntza profesionalena eta turismoarena, eta Justizia erreformatu egingo dute.
Bere aldetik, Rosa Diezek kritikatu egin du egungo Estatu eredua, eta ez dela bideragarria iritzi dio.