Politika -
Osoko Bilkura
Legebiltzarrak 'bizikidetza foro' bat sortzea eztabaidatuko du gaur
PSEk 'bizikidetza foro' bat sortzea proposatuko du eta Aralarreko legebiltzarkideek "bazterketa politikorik" gabeko ponentzia defendatuko dute.
Erredakzioa
Osoko Bilkura bitxi bat egingo dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean, ETAren amaieraren ondorengo egoerari buruz hitz egiteko. Patxi Lopez lehendakariaren proposamenekin batera, taldeek "bizikidetza foro" bat sortzea eztabaidatuko dute, PSEk proposatuta.
Saio horretan, Aralarrek aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute, eta ekimen horri PSEk aurkeztutako osoko emendakina ere bozkatuko dute talde parlamentarioek.
Sozialistek ez dute zehaztu "bizikidetza foro" horretan ezker abertzalea egon behar den ala ez. Foro horren helburu nagusia, "bizikidetza lortzeko beharrezkoak diren ekimenak martxan jartzea" izango da. Aralarrek, berriz, "bazterketa politikorik" gabe egindako ponentzia sortzea proposatuko dio Legebiltzarrari. Asteazken honetan, azken orduan, talde politikoetako ordezkariak ponentzia hori sortzeko negozio lanetan aritu dira. Ezker abertzalea bertan egotea ala ez omen da desadostasunik handiena sortzen duena. Edonola ere, ezker abertzale horren hainbat ordezkari Legebiltzarrean izango dira gaur.Osoko Bilkura Patxi Lopez lehendakariaren agerraldiarekin hasiko da, goizeko 9:00etan. Indarkeriaren amaiera "behin-betiko" izan dadin ekimenak eta foroak sortzea proposatuko du Lopezek.
Indarkeriaren bukaera eta elkarbizitza aro berria finkatzeko helburuarekin, ETAren amaiera Legebiltzarrean foro batean jorratzea proposatuko du Patxi Lopez lehendakariak ostegun honetan.
Hirugarren puntuan, taldeek Aralarren mozioa eztabaidatuko dute. Patxi Lopezen proposamena eta honekin batera aurkeztuko dituen neurriak ez dira bozkatuko Eusko Legebiltzarrean, baina baliteke ostegun honetan bakegintza batzorde bat sortzeko Aralarrek aurkeztutako proposamena bozkatzea. Oraingoz, PSEk, PPk eta UPyDk osoko zuzenketa aurkeztu diote Aintzane Ezenarroren proposamenari.
Aralarrek bakegintzaren inguruko ponentzia bat sortzea proposatuko du biharko osoko bilkuran, eta foro horretan Legebiltzarretik kanpoko erakundeek, eragile sozialek eta alderdiek parte hartzea eskatuko du, "inolako bazterkeria politikorik gabe".
Aralarren ekimenak EAJren eta Ezker Anitza-Iuren babesa jasoko du biharko saioan.
PSEren osoko emendakina eztabaidatuko dute ondoren. PPk ere berea aurkeztu du, otsailean Madrilgo Kongresuak adostutako testua erabiliz. Eusko Alkartasunaren emendakin bat ere eztabaidatuko dute taldeek. Aralarrek proposatutako ponentziak "giza eskubideak" ere kontutan hartzeko eskatuko du EAk. UPyDk bere emendakin propioa defendatuko du Legebiltzarrean. Legebiltzarrari ETAren behin-betiko desegitea eskatzeko proposatu du Gorka Maneiroren taldeak.
eitb.com-ek zuzenean jarraituko du, Eusko Legebiltzarretik eta Twitter bidez, lehendakariaren bake eta bizikidetza planaren aurkezpena.