Politika -
EAE-KO AURREKONTUAK
Iturgaiz: "1.300 milioi euroko proposamen bat bidali diogu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari"
EAEko popularren buruak esan duenez, Azpiazu sailburuak, dagoeneko, badu PP-Cs koalizioaren proposamena. Oposizioko taldeek inoiz aurkeztu duten kopururik handieneko proposamena dela ziurtatu du.
EITB MEDIA
EAEko 2022ko aurrekontuen negoziazioetatik kanpo ez du geratu nahi Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak. Ostiralean jakinarazi zenez, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU bigarren bilera batera deitu ditu datorren astean, aurrekontuen inguruan hitz egiten jarraitzeko. Aldiz, PP-Cs eskuineko koalizioa ez du beste batzar batera deitu, horien proposamenik ez omen duelako jaso.
Horren aurrean, Iturgaizek gaur baieztatu du "harrituta" geratu zirela, Azpiazuk bigarren bilera baterako deitu ez dituelako. "Esan ziguten paperak aurkeztu behar genituela. Bada, atzo igorri genien gure proposamena. 1.300 milioi euro gehiago sartu ditugu aurrekontuetan, aurreko urteko soberakin bat dugu Euskadin eta hori ez da inoiz erabili. Ostalariak, enpresaburuak, herritarrak ... diru gehiago eskatzen dute, eta Jaurlaritzak esan izan du ez zuela dirurik", adierazi du.
Halere, Euskadiko popularren buruak argi utzi du EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin ez dutela ezer negoziatuko. "Badakigu ondo haiek zer politika babestuko dituzten. Guk ez ditugu inoiz babestuko horrelako politikak", gehitu du.
Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen arteko ika-mikaz ere aritu da. Zorrotz kritikatu ditu Urkulluren hitzak, eta "arazo handi batean" sartu dela esan dio: "hemen Kontzertu Ekonomikoa dugu, eta hala ere, Madrilen abantaila fiskal handiagoak dituzte. Zer esan nahi du horrek? Urkullu abusu fiskala egiten ari dela gure Kontzertuarekin eta hemengo familiak eta enpresak kaltetzen ari dela. Hemen zergak igotzen, eta Madrilen, aldiz, jaisten".