Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'ETAko kideekin biltzea mugarri izan da nire bizitzan'
Iñaki Garcia Arrizabalaga Comandos Autonomos Anticapitalistas taldeak hildako baten semea da, eta El Perdon dokumentaleko protagonistetako bat.
Erredakzioa
Iñaki Garcia Arrizabalaga Comandos Autonomos Anticapitalistas taldeak 80ko harmakadan hildako baten semeak adierazi du ETAko kide ohiekin biltzea "mugarri" izan dela bere "bizitzako alderdi askotan".
Radio Euskadik elkarrizketa egin dio ETB-2k atzo emititu zuen El perdon dokumentaleko protagonistari eta bertan azaldu duenez, aipatu bilerek "ez" zioten bizitza aldatu, "baina oso esperientzia pertsonal gogorra izan zen".
Arrizabalagak azpimarratu du ezin dela "terrorismoaren biktima izatea hautatu", eta egoera horretan, hasieran "gorrotoaren eta mendekuaren bidea" hartu bazuen ere, gero "hortik atera" nahi zuela azaldu du, izan ere, "ni nintzen egoera horretan okerren zegoena".
Horren harira, ETAko presoekin biltzeko egitasmoan parte hartzea bide horretatik ateratzeko lagungarri egin zaiola aitortu du.
Jaurlaritzaren deia
Bilerak nola hasi ziren galdetuta, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzak deitu ziola erantzun du.
Arrizabalagaren ustez, "barkamena eta adiskidetzea dira bakearen oinarriak". Horregatik, Jaurlaritzaren gonbidapena onartu zuen eta "praktikan jartzen saiatu" zen. "Biktima eta hiltzailea aldatu badira eta pertsona desberdinak badira, adiskidetze saiakera bat egin dezakete, beharrezkoa da. Gainera, gizarteari mezu argia helarazten zaio, adiskidetze soziala posible dela erakusten baitu", gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, argi adierazi du helburua ez dela biktima eta hiltzailea lagunak izatea, "nire seme-alabek bere seme-alaba edo bilobekin jolastu ahal izatea baizik".
Beste biktima batzuen deiak
Arrizabalagak jakinarazi duenez, El perdon dokumentalaren emisioaren ostean, terrorismoaren hainbat biktimak deitu dio "esperientziaren inguruan interesa agertzeko".