Itxi

2021/11/15

10:48

Politika

Elkarrizketa

Iriarte: "Jaurlaritzak osasun larrialdia kendu zuen, eta orain errieta egiten die herritarrei"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Aurrekontuen negoziazioari buruz, EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak uste du ezin dela "Gran Hermano bat bilakatu, non ahots batek lehiaketatik kanpo geratzen dena iragartzen duen".

1:15
Maddalen Iriarte
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramailea oso kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritzak pandemiaz egindako kudeaketaren harira, eta kezkatuta agertu da "covid-19a erakusten ari den aurpegi honekin". Salatu duenez, "Jaurlaritzak emergentzia sanitarioa bat-batean kendu zuen eta neurri murriztaile guztiak alde batera utzi zituen eta orain berriro ere errieta egiten die herritarrei, herritarrek esaten zaiena egiten ari direnean ehuneko oso oso handi batean", nabarmendu du.

Buruzagi abertzalearen ustez, pandemia ezin da "kolpeka" kudeatu, "astiro-astiro eta kontu handiz" baizik. Horren ildoan, zientzialariei eta adituei entzutearen alde agertu da, eta eurek erabaki dezaten zer neurri hartu behar den.

Covid ziurtagiria zenbait lekutan edo egoeratan ezartzeari buruz, Iriartek esan du horren aldetik "kontzientziazio kanpainak" egin ahal direla, egiaztagiriak badituelako "arriskuak", "txertatuta daudenen eta ez dauden arteko banaketak" egiten direlako, adibidez.

EAEko aurrekontuen negoziazioaz ere aritu da Iriarte Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Horren esanetan, "negoziazioa ezin da zirku bat edo Gran Hermano bat bihurtu, non ahots batek lehiaketatik kanpo nor geratzen den esaten duen". Gaineratu duenez, "jendearen beharrizanez hitz egin behar da", eta horren ildoan, EH Bilduk "erronka askoko une jakin horri aurre egiteko proposamen errealista bat" aurkeztu duela azpimarratu du.

Maddalen Iriartek adierazi duenez, koalizio abertzaleak badaki akordioak egiten, eta Nafarroako eta Espainiako Estatuko itunak aipatu ditu adibidetzat. "Zergatik ez diren posible EAEn? Hori EAJri eta Urkulluri galdetu beharko diezu", erantzun du.

PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin ezkerreko gobernu bat osatzeko aukeraz buruzagi abertzaleak aditzera eman duenez, "bide luzea dago oraindik egiteko", eta "aliantzak onuragarriak" izan daitezkeela esan du, baina edukietan jarri du azpimarra: "Akordioak edukiz hornitzen badira, hor egongo gara, baina ez egoteagatik".

Azkenik, Arnaldo Otegi lehendakarigai izango ote den itaunduta, hauteskundeez hitz egiteko "goizegi" dela esan du. Iriarteren esanetan, "une politikoak eta militantziak erabakiko du. Ni gogotsu nago".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;