Politika -
Oroimen Demokratikoaren Legea
Gerra-krimenak, genozidioa eta tortura frankistak ez dira preskribatuko
Unidas Podemosek eta PSOEk Oroimen Demokratikoaren lege proiektuari hogeita hamar zuzenketa inguru egitea adostu dute, 1977ko Amnistia Legearen zati bat indarrik gabe utziz. 1978tik 1982ra bitartekoa biktimak ere frankismoaren biktimatzat hartzea adostu dute.
O.P. | Eitb Media
Unidas Podemosek eta PSOEk 1977ko Amnistia Legearen zati bat indarrik gabe uztea adostu dute, Oroimen Demokratikoaren lege proiektuaren baitan. Frankismoan egindako gizateriaren aurkako krimenek, genozidioak eta torturek 1977an aldarrikatutako amnistia-araudiaren babesik ez izatea ebatzi dute, eta amnistiaren lege horren gainetik nazioarteko zuzenbidea gailentzea.
Oroimen Demokratikoaren lege proiektuaren artikuluei egindako 30 zuzenketen edukia adostu dute koalizioko bi kideek, tartean, gerra krimenak, gizateriaren aurkakoak, genozidioak eta torturak preskribaezinak izatea.
Kongresuan emandako prentsaurreko batean, Enrique Santiago Unidas Podemoseko diputatuak esan du, hala ezingo dela amnistia legea erabili "gisa honetako krimenak ikertzeko oztopo gisa".
Gainera, Erorien Haranak bere berezko izena berreskuratzea adostu dute, Cuelgamuros; eta diktaduraren biktimek konfiskatutako ondasunengatik eta Francisco Francoren erregimenak ezarritako zigor ekonomikoengatik kalte ordaina jasotzeko eskubidea izatea adostu dute alderdiek.
Zuzenketek jasotzen duten beste puntu bat da frankismoaren biktimen errolda zabaltzea, elkarte memorialistek eskatu bezala, bizirik atera ziren trantsizioaren biktimak ere bertan sartzeko, 1978tik 1982ra bitartekoa biktimak, alegia.
Bestalde, espazio konfederaletik azaldu dutenez, erregimen frankistako 33 pertsona ospetsuri emandako noblezia tituluak kenduko zaizkie, hala nola, Primo de Rivera, Calvo Sotelo eta Queipo de Llano dukerriei.
Horrela, PSOEk eta Unidas Podemosek gizateriaren aurkako delituen arloan indarrean dagoen nazioarteko zuzenbidea aplikatzea galdegin dute, eta Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako fiskalari eskatu diote ekin diezaiola "estatu-kolpearen, gerraren eta diktaduraren" ondorioz izandako gertakarien ikerketari.
Hezkuntzaren arloan, "Frankismoaren krimenen ikerketa historikorako eskubidea" bermatuko litzateke; krimenetan parte hartu zuten eta hilda leudeken pertsonen ohorerako eskubidearen gainetik legoke ikerketarako eskubidea eta eduki horiek testu-liburuetan eta curriculum-materialetan sartzeko beharrari buruzko aipamen bat gehitzen da.
Egia judiziala lortzea xede
Santiagok onartu duenez, krimen horiek gauzatu zirenetik igaro den denbora dela medio, Justiziaren gaineko eragina ez da "oso nabarmena" izango, izan ere, erantzukizun penala heriotzarekin batera amaitzen da eta arduradun asko hilik daude dagoeneko. Halere, Santiagok uste du "egia judiziala" lortu ahal izango dela, eta horrek biktimen "erreparazioari laguntzen" diola, giza eskubideen urraketen aurrean lehen eta bigarren mailako biktimarik ez dagoela egiaztatzen baitute.
"Kontua ez da diktadurako zerbitzari publikoak epaitzea, amnistiagarriak ez diren krimen horiek egin zituztenak baizik", azaldu du Santiagok, eta tortura delituak egin dituzten pertsonak aipatu ditu, edo frankismoko ministroen kasuan, "kalte edo lesioak" modu zuzenean eragin zituztenak.
Estatu idazkariak zehaztu duenez, 1977ko Amnistia Legearen interpretazio bat da, eta ez indargabetze bat; izan ere, arau horrek deuseztatu ezin diren beste alderdi batzuk ekarri zituen, hala nola kotizazio sozialak aitortzea.
Unidas Podemosek beste talde batzuen babesa lortu nahi du orain, eta ERCren eta EAJren babesa lortuko duela uste du, errepresioa zuzenean pairatu zutenekin akordiorik ez egotea ezinezkoa zaielako.
Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, "oso garrantzitsua da Memoria Demokratikoaren Legea adostasunez aurrera ateratzea", eta alderdi politikoei eskatu die "adostasun jarreren alde egitea, aurrera atera ahal izateko".