Politika -

ELKARRIZKETA

Mendiak, GALen biktimez: "Lan handia dago egiteko maila guztietan"

Gainera, oraindik PSE-EEren idazkari nagusi denak uste du alderdia iritzi berekoa dela estatu osoan. Bestalde, azpimarratu du "sekula ere ez" dela egon "mahai gainean" PSE-EEren zuzendaritzan jarraitzea.

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB

Manu Gimenez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak aitortu du "lan handia" dagoela egiteko "maila guztietan" GALen biktimen errekonozimenduan. "Egiten dugun guztia gutxiegi da, bidea dugu aurrean", gaineratu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta Iñaki Iriarte Navarra Sumaren parlamentariak poliziaren biktimei egindako barkamen eskaera hizpide, buruzagi sozialistak esan du "oso ahaztuta" egon diren biktimak direla, eta "funtsezkoa" dela "laguntzea".

Mendiak gehitu du iritzi berekoa dela Alderdi Sozialista estatu mailan ere.

Ez du Zuzendaritzan jarraituko

PSE-EEren idazkari nagusi kargua agortzear duenak esan du "sekula ez" dela "mahai gainean" egon PSE-EEren zuzendaritzan geratzeko aukera asteburuko kongresuan lekuko aldaketa egin ostean, eta gogorarazi du bera iritsi zenean ere ez ziola Patxi Lopezi alderdiaren presidente izatea eskaini. 

Mendiak, lehendakariorde ere badenak, asteburu honetan utziko du PSE-EEren idazkari nagusi kargua Eneko Anduezaren esku.

Berretsi du "ona" dela "idazkari nagusiak bere taldea osatzea, distantzia markatzea, baita fisikoa ere, eta ni beste zeregin batzuetan nabil" (lehendakariorde eta zuzendaritza federalean".

Itunak

Lehendakariordeak babestu egin ditu EAJk eta PSE-EEk euskal erakunde nagusietan dituzten itunak, horri esker "euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duten askotariko gobernuak osatzen direlako. Hiru urte geratzen dira legegintzaldia amaitzeko. Ondoren, hauteskunde bakoitzean jaurtiko dira dadoak".

Etorkizunean EH Bildurekin itunak egiteko aukeraz galdetuta, Mendiak esan du "batzuetan herritarrengandik urrun dauden gabezia identitarioak dituztela euren burua ezkertiartzat duten alderdiek".

"EH Bildutik oso gertuko jendeak, tartean Garaikoetxea lehendakariak, aipatu izan du EH Bildu osatzen duten alderdi batzuek bide luzea dutela egiteko eta zama bat direla. Osagai etikoa garrantzitsua da. Sozialki terrorismoari babesa eman zionak daude, eta hori da landu behar dena", azpimarratu du.

Koronabirusaren seigarren olatua

Pandemiari eta balizko seigarren olatuari dagokionez, Mendiak esan du batzuetan "ahaztu" egiten dela "birusarekin bizi garela", eta horregatik, "babes neurriak baztertzen" direla.

Leku publikoetara sartzeko COVID-19 ziurtagiria eskatzea "gabonetara hobeto iristeko" neurria izan daitekeela adierazi du, baina auzitegiaren erabakiaren zain daudela oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Idoia Mendia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak GAL Polizia abusuen biktimak