Politika -
euskadiko alderdi sozialista
Anduezak esan du PSE-EEk "lidergoa" lortu nahi duela, eta "ezkerraren espazioa" handitzearen alde egin du
PSE-EEko idazkari nagusi hautatuak azaldu du euskal sozialistak beti egon diren tokian daudela: "guztiak sartuko diren bizikidetza sendo eta irmo baten bilaketan".
agentziak | eitb media
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi hautatuak esan du sozialistek "herrialdean lider" izateko asmoa dutela, eta "ezkerraren espazioa" handitzearen aldeko apustua egin du, etorkizunean etorriko diren "erronka eta helburu berriei" aurre egiteko.
Igande honetan Erandioko Alderdi Sozialistaren sorreraren 125. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da Andueza. Bertan izan dira, besteak beste, Iñaki Arriola euskal sozialisten presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Mikel Torres, PSEren Bizkaiko idazkari nagusia eta Josean Perez, sozialistek Erandion duten taldeburua.
Duela 125 urte langile-talde batek Bizkaiko Eskuinaldeko lehen talde sozialista sortu zuela gogoratu ostean, Anduezak azpimarratu du PSE-EE dela "herrialde honetan ibilbide historiko handiena duen talde politikoa, ez urteengatik bakarrik, baita esanahiari dagokionez ere".
Zentzu horretan, gogora ekarri du Ramon Rubialek Erandioko Alderdi Sozialistan militatu zuela, eta bertan sortu zela 1903an Gazteria Sozialisten lehen taldea. "Garrantzitsua da gizarteari helaraztea hemen jarraitzen dugula, lanean, eta langileen zein gizarte osoaren eskubideen alde borrokan", gaineratu du.
Era berean, nabarmendu du 125 urte geroago PSE-EEk lanean dirauela "erronka berrien alde", garai berrietara egokitzeko eta "proiektua berritzeko" ahalmenari esker. Azpimarratu du datorren asteburuan Bilbon izango den XI Kongresuan, sozialistek "alderdi honen eta herrialde honen etapa berria" abiatuko dutela.
'Hasiera berri bat' lelopean, Anduezak gogorarazi du hitzorduan txosten berri bat onetsiko dutela, etorkizuneko erronkei aurre egiteko "bide-orria" izango dena. Edonola ere, zuzendaritza-batzorde berriari dagokionez, adierazi du ez dela "horretaz hitz egiteko garaia".
Haren hitzetan, "herrialdean lider izateko asmoa dugu, baina, batez ere, erronka berriei aurre egitekoa: klima aldaketaren aurkako borroka, berdintasuna, giza-eskubideak, digitalizazioa...". Gaineratu du berdintasun hori eraginkorra izateko "bermea" direla sozialistak eta, horregatik, "inoiz baino beharrezkoagoak" direla.
Horrela, "ezkerraren espazioa" handitzearen eta "sozialistek lideratutako espazio berriak" sortzearen aldeko apustua egin du, "indartsuagoak izateko eta etorkizuneko helburu horiek lortzeko".