Itxi

2021/11/24

14:37

Politika

Hezkuntza

Ikastolek eta Kontseiluak Kataluniako murgiltze ereduaren aurkako epaia gaitzetsi dute

O.P. | Eitb Media

Indarrean den LOMLOE legeak erkidegoei hezkuntza hizkuntzen inguruan erabakitzeko ahalmena ematen diela aldarrikatzen dute eta, "premiazko" jo dute, Euskal Herrian murgiltze eredua jaso eta hizkuntza ereduak indargabetzea.

  • Gasteizko institutu bateko ikasleak. Artxiboko irudia, EFE.

    Gasteizko institutu bateko ikasleak. Artxiboko irudia, EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Kataluniako Hezkuntza Sistemako murgiltze ereduaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia arbuiatu du Ikastolen Elkarteak eta adierazi du ezin zaiola trabarik jarri "herri batek bere hizkuntza, hizkuntza gutxitua gainera, biziberritzeko nahia aurrera eramateko bideari, ez legeen bitartez, ezta lege horiek interpretatu eta epaiak ematen dituzten erakundeen bitartez ere".

Epai honek "are eta premiazkoago egiten du" Ikastolen Elkartearen ikuspuntutik, "gure hezkuntza sistemaren lege berriak murgiltze eredua jasotzea eta hizkuntza ereduak indargabetzea". Hala egiten ez badu, ohartarazi dute "Espainiako justizia auzitegien eta helegiteak jartzen dituzten Espainiako alderdi politikoen eta gure hizkuntzari erasoka dabiltzan bestelako eragile batzuen esku" egongo dela berriro euskal hizkuntza komunitatea "Katalunian gertatu den bezala".

Ohar batean azaldu dutenez, lehenik Kataluniako Auzitegi Nagusiak eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiak Kataluniako Hezkuntza Legean du oinarria. Azaldu dutenez, 2009an onartu zen lege hori, Espainian LOMCE legea indarrean zegoela eta, testuinguru horretan, ikasgaien % 25 gaztelaniaz ematera behartzen zuen dekretu bat indarrean zela. Beraz, "hori aintzat hartuta, bi auzitegiek bat egin dute dekretuaren irakurketarekin".

Gaur, baina, LOMLOE legea dago indarrean, eta, zehazki, haren 38. xedapen gehigarria izan zen "Espainiako Hezkuntza Lege berria onartu zenean, positibotzat jo" zuten alderdi bakarra. Izan ere, haren bitartez, gaztelaniari dagokion "komunikazio-hizkuntza" kontzeptua desagertzeaz harago, erkidegoetako gobernuei ahalbidetzen zaie nork bere erkidegoko hizkuntzan komunikazio gaitasuna osoki garatzeko neurriak hartu ahal izatea eta murgiltze ereduan sakondu ahal izatea.  

38. xedapen gehigarriak adierazten dituen terminoetan "murgiltze eredu bat jasotzea da gure hezkuntza- sisteman euskara normalizatzeko gaur egun dagoen benetako blindaje bakarra" Ikastolen Elkartearen ustez.

Horregatik "aukera paregabea" deritzo honi Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako garatuko den hurrengo hezkuntza legean "euskara ikaskuntza eta hezkuntza-hizkuntza legez ezarri" eta "euskarari behar duen bultzada emateko, bai eta ikasleek, derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean, euskaraz gaitasun osoa izateko ere".

Nabarmendu dute garrantzitsua dela gazteleraren % 25eko erabilera gutxienekoa arautzen duen dekretua (1513/2006 Errege Dekretua, LOMCE arautzeko eginikoa) aldatzea, "gaztelaniaren gutxieneko komunikazio-erabileraren zehaztapena organo judizialek adierazi duten bezain handia izan ez dadin".

Kontseiluarentzat "oinarri juridikorik ez"

Euskalgintzaren Kontseiluak erabakia "oso larria" dela uste du, baina, "tamalez, azken urteotan botere judizialak abian jarritako estrategiaren" barruan kokatu du. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, «esaten ari gara botere judiziala berezko hizkuntza-komunitateen eskubideen aldeko ekimenen kontra ari dela, behin eta berriro, hizkuntza-politika egiten ari dela, eta erabaki honek jarrera hori berresten du" eta, gaineratu duenez, "Kataluniari dagokionez, aspaldidanik izan du jomugan bertako eredu orokortu inklusiboa".

Kontseiluaren arabera, "ez dago zalantzarik inertzia politikoak bultzatutako estrategia" dela. Izan ere, Kataluniako eredua abian jarri zenean, "orduan ere saiatu ziren bertan behera uzten". Baina Auzitegi Konstituzionalak berak berretsi zuen ereduaren legezkotasuna, "sistemak betebeharra duelako derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleek hizkuntza ofizialetan gaitasun egokiak izan ditzaten".

Horren harira, Kontseiluak uste du erabakiak ez duela oinarri juridikorik, "urteetan legezkoa izan dena, legez kontrako bihurtu" baitute. "Are gehiago, berriki onartutako LOMLOE legearen arabera autonomia-erkidegoei aukera zabal dakieke irakas-hizkuntzaren inguruko erabakietan. Beraz, argi dago Auzitegi Gorenak Damoklesen ezpata baliatu nahi duela» gaineratu du Bilbaok.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;