Politika -

Elkarrizketa ETBn

EAJ:'Gobernuak ETAren amaiera kudeatzeko baimena izatea ona litzateke'

ETB-2ri eskainitako elkarrizketa batean, 2005. urtean Kongresuak Zapateroren Gobernuari emandako baimena eta lortutako adostasuna gogora ekarri ditu.

Josu Erkoreka (EAJ). Argazkia: EITB.
Josu Erkoreka (EAJ). Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Kongresuak Gobernuari ETAren amaiera kudeatzeko "baimena" ematea "irtenbide ona" litzatekeela esan du gaur Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak. Aurretik, alderdien arteko "adostasuna" lortzea beharrezkoa dela nabarmendu du, eta ibilbide horretan aurrera nola egin aztertzen ari direla gaineratu du.

ETB-2ri eskainitako elkarrizketa batean, 2005. urtean Kongresuak Zapateroren Gobernuari emandako baimena eta lortutako adostasuna gogora ekarri ditu. Erkorekaren iritziz, baimen hori jasotzea "irtenbide ona litzateke", baina, aurretik "zehaztu beharreko" testuinguru batean "adostasunez onartutako dokumentu bat" landu beharko litzateke, eman beharreko pausoak zehazteko.

2005eko dokumentuak aurretik lan asko ekarri zuela azpimarratu du EAJko bozeramaileak. Hala ere, alderdi politikoek ETAren amaierari buruz "etengabe" hitz egin dutela onartu du Erkorekak.

Eusko Legebiltzarrean ponentzia berezi bat sortzeko proposamenari buruz, aurkeztu aurretik ere ekimen horrek porrot egingo zuela bazekitela esan du Erkorekak, taldeekin akordioak ez baitziren bilatu.

Lan-erreforma hobetzeko edo aldatzeko EAJk Madrilen ekimen-sorta bat aurkeztuko duela aurreratu du bozeramaile jeltzaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea