Politika -

ETA-REN BIKTIMAK

1986an ETAk hildako Rafael Garrido Gobernadore militarra, bere emaztea eta semea omendu ditu Donostiako Udalak

Hiru plaka jarri dituzte Boulevardean haien oroimenez, senideak eta Udaleko ordezkariek parte hartu duten ekitaldian.

Senideak eta ordezkari politikoak omenaldi ekitaldian. Argazkia: EFE
Senideak eta ordezkari politikoak omenaldi ekitaldian. Argazkia: EFE
Senideak eta ordezkari politikoak omenaldi ekitaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak omenaldia egin die larunbat honetan Rafael Garrido Gil Gipuzkoako gobernadore militarrari, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta emazteari eta Daniel Garrido Velasco semeari eta plaka bana jarri dute haien omenez. ETAk 1986an hil zuen familia, euren autoan jarritako bonba batekin.

Ekitaldi honekin, 17 dira dagoeneko Udalak hirian jarri dituen oroimen plakak, "terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak espazio publikoan ikusgai" jartzeko bultzatutako ekimenaren barruan.

Ekitaldia Boulevardean egin dute, Dbusen 21-28-B4-B9 lineen geltokiaren ondoan. Bertan izan dira Eneko Goia alkatea zein udal taldeetako ordezkariak ere, Garrido Velasco familiako kideekin batera. Senideek lore zuriak jarri dituzte plaken ondoan.

Lau hildako eta 11 zauritu atentatuan

Rafael Garrido, 59 urteko Gipuzkoako gobernadore militarra, haren emazte Daniela Velasco, 53 urtekoa, eta haren 21 urteko seme Daniel Garrido 1986ko urriaren 25ean hil zituzten, Legazpi kalearen eta Boulevarden arteko bidegurutzean, ibilgailu ofizialaren sabaian ETAko kideek jarritako bonba-lapa lehertuta.

Maria Jose Teixeira, atentatua gertatu zenean inguruan zebilen 27 urteko gaztea, larri zauritu zen eztandaren ondorioz eta handik egun batzuetara hil zen. Beste 11 pertsonak ere larritasun maila ezberdinetako zauriak izan zituzten. Teixeiraren familiak ekimena eskertu duen arren, bere izenean plaka bat jartzeari uko egin dio.

Gaur arte jarritako plakak

Orain arte, Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez, Francisco Martin Gonzalez eta Fernando Mugica Herzog ETAko biktimen omenez, Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero Komando Autonomo Antikapitalisten biktimen omenez, DRILek hildako Begoña Urroz Ibarrolaren omenez, Batallon Vasco Españolek hildako Mari Jose Bravo del Valleren omenez eta poliziak hildako Joseba Barandiaran Urkolaren omenez jarri dituzten plakak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Atentatuak ETA Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak