Politika -
Elkarrizketa
Otegi: "Ez da aurrekontu akordio bat izan, kontuak hobetu egin ditugu"
ELAk eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako kritikei erantzun die EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Politika fiskalak eztabaidatzeari Jaurlaritzak jarritako betoari buruz, "herri honetan eztabaida fiskala bai ala bai" egongo dela azpimarratu du Otegik.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azpimarratu duenez, koalizioa EAEko aurrekontuen bozketan abstenitzea "ez da aurrekontu akordio bat" izan; "kontuak hobetu egin ditugu", erantsi du, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean duen gehiengo osoa gogora ekarrita. "Tribunan buruz behera jarrita ere, ez genuke ezer lortuko. Aurrekontuak berdin-berdin onartu behar zituzten", gaineratu du. Hala, Otegiren hitzetan, "kontuak hobetzeko aukera eman ziguten eta hori egin dugu".
Hala, Osakidetzarentzat lortutako 30 milioiak edo ikerketa edo garapenera bideratutako 77 milioiak aipatu ditu. Dena den, adostutako partidez harago, "garrantzitsuena da guretzat inportanteak ziren gai batzuk agenda politikoan sartu ditugula: hala nola, etxerik ez duen jendea, Osakidetza, trantsizio energetikoa, klima aldaketa, gazteria, etxebizitza, ikerketa eta garapena..."
ELAren "hiperkritikaren" aurrean, Otegik nabarmendu du ez direla "EH Bilduren aurrekontuak. Gure abstentzioaren truke, jendeari bideratuko zaizkion 253 milioi euro lortu ditugu. Aurrekontu hobeak ditugu, eta pozik gaude".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eskaini duen elkarrizketa batean, adostu ezin izan dituzten gaiak ere izan ditu hizpide Otegik. Argitu duenez, euren bi eskakizuni betoa ezarri die Jaurlaritzak: politika fiskalak aldatzeari, eta kooperatibak Lanbiden sartzeari. Lehenengoari buruz, honakoa bota du buruzagi abertzaleak: "herri honetan eztabaida fiskala izango da, bai ala bai".
Bestalde, etxebizitza, hezkuntza edo estatus politiko berriaren inguruko "herri akordioak" lortzeko konpromisoa berretsi du. Hori bai, "batzuk lortzen ez badira, desdramatizatu behar dugu".
EPPKren agiria hizpide, Otegik esan du "albiste ona" izan dela. Ezker abertzaleak urriaren 18an Aieten egindako adierazpena ere gogora ekarri du, eta horren ildoan, ohartarazi "herri honek pairatu duen sufrimenduaren beste arduradun batzuen adierazpenak falta" direla. "Batzuk elkarbizitzaren alde gaude, beste batzuk errelatoan", kritikatu du.
Ortuzarrek asteon esan duenez, Estatuko aurrekontu orokorretan EAJk eta EH Bilduk lortutakoan "alderik ez" dago. Adierazpen horiei buruz galdetuta, EH Bilduko buruzagiak honakoa erantzun du: "Noski aldea badagoela. Eurak zementua eta azpiegiturak izan dituzte ardatz; guk, herritarren beharrak. Euren kolorea urdina da, eskuinarena; gurea, aldiz, gorria".
Azkenik, pandemia ahotan, komunitate zientifikoak proposatutako prebentzio neurri ororen alde agertu da, dela osasun ziurtagiria edo txertaketa. Horrez gain, gogor jo du EAEko Auzitegi Nagusiaren kontra: "Egunkariak itxi, alderdiak ilegalizatu edo torturatu den herri batean esatea karaokeak debekatzea kalte larria dela, harri eta zur uzten nau".