Politika -

omenaldia

EAJk "euskal erresistentziaren ardatz" gisa gogoratu ditu Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikoetxea

Joseba Egibar GBBko presidentea "balio kolektiboak" indartzearen alde agertu da erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izandakoaren heriotzaren 50. urteurrenean.

Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikoetxeari omenaldia. Argazkia: EFE
Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikoetxeari omenaldia. Argazkia: EFE
Joseba Rezola eta Aurora Lopez de Goikoetxeari omenaldia. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Joseba Rezola Arratibel erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izandakoa eta bere emazte Aurora Lopez de Goikoetxea gogoratu ditu "euskal erresistentziaren ardatz" gisa, jeltzaleek Rezolaren heriotzaren 50. urteurrenean egindako omenaldiaren testuiguruan.

Igande honetan Ordiziako hilerrian egindako lore eskaintzaren ostean bota ditu Egibarrek adierazpenok. EAJko bozeramaile parlamentarioaz gain, Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea eta alderdi jeltzaleko beste zenbait kide ere bertan izan dira, Ordiziako EAJko ordezkaritzarekin batera.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, GBBko buruak gogorarazi du Rezola eta Lopez de Goikoetxearen gorpuzkiak Ordiziako hilerrira eraman zituztela 1984an, bertakoa baitzen erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa.

Ildo beretik, adierazi du "bikote bereizezina" zirela, "elkarren osagarri" zirela eta "askoz indartsuagoak" zirela elkarrekin, "euskal erresistentziaren ardatz" gisa. Bere aburuz, "bien biografietatik atera ditzakegun irakaspenei jaramon izan bagenie, batzuek ez zuketen zenbait estrategia abiatuko, pentsatuz mundua haiekin abiatzen zela".

Egibarrek defendatu duenez, "demokratikoki eta iraunkortasunez ere eutsi zitekeen, orotariko salaketekin, baita mundu mailan ere, eta zeure herria zainduz eta zeure pertsonen alde eginez". Nabarmendu du bikotea "herri honekin gorputz eta arima lanean aritu izana" aitortzearen garrantzia.

Era berean, "indibidualismoaren aurrean balio kolektiboen aldarrikapena" azpimarratu du Rezolaren eta Lopez de Goikoetxearen biografietatik atera daitekeen ikasbideetako bat bezala. Adierazi duenez, horrek barne hartzen ditu "elkartasuna, justizia soziala eta garapena; ez politikoa bakarrik, baita ekonomikoa ere, herri hau bere patuaren jabe izan dadin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Gipuzkoa Euskal hiriburuak Gipuzkoa Joseba Egibar Artola argazkiak Andoni Ortuzar argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Ordizia bideoak Gaurko azken ordukoa