Politika -
EPAIKETA
Bi ertzainen aurkako Beasaingo atentatuan ez zuela parte hartu adierazi du Itxaso Zalduak
ETAko eta Basajaun komandoko kide izatea leporatzen diote Itxaso Zalduari, baina ukatu egin ditu akusazioak. Akusatuaren esanetan, ezinezkoa da komando horri egozten dioten 2001eko azaroaren 23ko atentatuan parte hartu izana egun horretan lehengusina bisitatzera joan zelako ospitalera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Itxaso Zalduak epailearen aurrean adierazi du ez zuela parte hartu ETAk bi ertzainen aurka 2001eko azaroaren 23an Beasainen egin zuen atentatuan, eta erditu berri zen bere lehengusina bisitatzera joan zela egun horretan ospitalera. Horrez gain, ETAk 2001ean hil zuen Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko buruzagi zenaren kontrako atentatuan parte hartzea leporatuta auziperatuta dago.
Gaur egun, behin-behinean kartzelan dago Gimenez Abad zenaren hilketarekin lotuta. Gaur goizean, Auzitegi Nazionaleko Joaquin Gadea epailearen aurrean deklaratu du Beasaingo bi ertzainen kontrako atentatuagatik, Mikel Carrera Sarobe Ata ETAko buruzagi ohiarekin batera.
ETAko eta Basajaun komandoko kide izatea leporatzen diote Zalduari, baina bere aurkako akusazio guztiak ukatu ditu. Akusatuaren esanetan, ezinezkoa da komando horri egozten dioten atentatuan parte hartu izana erditu berri zen lehengusina bisitatzera joan zelako egun horretan ospitalera.
Halaber, iturri juridikoen arabera, Itxaso Zalduak ukatu egin du atentatuan erabili ziren armak lortzeko agindua eman izana.
Gimenez Abaden hilketagatik auzipetu zutela jakinarazi ziotenean, Zalduak akusazioak ukatu zituen eta argudiatu zuen 2001eko maiatzeko egun hartan ez zegoela Zaragozan, eta, beraz, ezin izan zela atentatuaren inguruan egon, zenbait lekukok esan bezala.