Itxi

Politika

KONGRESUA

EH Bildu sektore berrietara zabaltzeko apustua egin du Sortuk, erakundeetan agintea lortzeko

Manu Gimenez | eitb media

Arkaitz Rodriguezek idazkari nagusi izaten jarraituko du, bere taldeak % 89ko babesa jaso baitu barne hauteskundeetan. David Pla ETAko kide ohiak paper garrantzitsua izango du Nazio Kontseilu horretan.

3:0
sortu

Sortuk zuzendaritza berritzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko Kongresua egin du, eta bertan EH Bildu sektore berrietara zabaltzeko apustua berretsi du.

Arkaitz Rodriguez orain arte ere idazkari nagusi izan denak alderdikideen ia erabateko babesa jaso du karguan jarraitzeko (% 89), eta bere taldean zenbait izen berri egongo dira, tartean David Pla ETAko kide ohia.

Herrigaia izeneko ponentzia babestu du zuzendaritza berriak, eta horrela, "borroka ezberdinak artikulatu eta aliantza zabalak sortzea" jarri du helburu.

Ezker abertzalea ordezkatzen duen alderdiak bere hirugarren Kongresua itxi du gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta koronabirusaren eraginez mugak izan badituzte ere, azkenean 800 militante elkartu dira, nazioarteko ordezkaritzarekin batera (Galiziatik, Kataluniatik, Kolonbiatik, Palestinatik, Kurdisandik, Uruguaitik eta Irlandatik etorriak).

Zuzendaritza edo Nazio Kontseilu hautatu berriak % 89ko babesa lortu du, eta kontrako botoak % 6 besterik ez dira izan. Izen berrien artean, David Pla ETAko buruzagi ohiarena da azpimarragarriena, eta norabidetze estrategikorako gunearen arduradun izango da.

Ezker abertzaleko "belaunaldi ezberdinak" ordezkatuko omen ditu zuzendaritzak, mugimendu feministan, ekologistan, euskalgintzan, hezkuntzan, eta abarretan ibiliak.

EH Bildu eta EH Bai sektore berrietara zabaltzea

Euskal presoen aurkako espetxe politika amaitzeko eskaerarekin eta elkarbizitzaren aldeko deiarekin hasi du hitzartzea Arkaitz Rodriguez idazkari nagusi izaten jarraituko duenak. Azken urteetako balantzea egin du, eta azpimarratu du "gaur herri hau baketik eta askatasunetik gertuago" dagoela.

Aurrera begirako erronkei dagokienez, "zibilizazio berri baten eraikuntza, zibilizazio sozialista batena" aldarrikatu du, "bizitza eta zaintza erdigunean" jartzen dituena.

Hori lortzeko, ezinbesteko jo du "gehiengo sozialen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituzte proposamen, borroka eta egitasmo zehatzak mahai gaineratzea". Puntu horretan pentsiodunak, Tubacexeko langileak, Ipar Euskal Herriko etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua eta beste hainbat aipatu ditu.

"Bidezko estatu" batean bizi ahal izateko, ezinbesteko jo du "burujabetza berreskuratzea", eta euskal estatu propio bat eraikitzea.

Azkenik, ezker subiranista indartze aldera, EH Bildu eta EH Bai sektore gehiagotara zabaltzeko lan egiteko konpromisoa hartu du Rodriguezek, "ahal den erakunde guztietan agintzeko", hori "ona delako askapen prozesurako".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena