Politika -

Auzitegi Nazionala

Sorzabalek ETAren indarkeriaren amaiera babestu zuela aintzat hartzeko eskatu diote Auzitegi Nazionalari

Nazioarteko ordezkari ezagunek adierazpen bat sinatu dute preso irundarraren aurkako prozesuan testuinguru politikoa kontutan har dadila eskatzeko. Brian Currin eta Gerry Kelly daude sinatzaileen artean.

Preson eskubideen aldeko mobilizazioa. Argazkia: Efe
Preson eskubideen aldeko mobilizazioa. Argazkia: Efe
Preson eskubideen aldeko mobilizazioa. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko ordezkari talde batek adierazpen bat sinatu du Iratxe Sorzabal ETAko buruzagi ohiaren aurka bihar hasiko den prozesu judizialaren harira, eta botere judizialari eskatu diote "aintzat" har dezala egungo "bake testuinguru politikoa".

Brian Currin abokatu hegoafrikarrak, Ronnie Kasrils Hegoafrikako Defentsa eta Inteligentzia ministro orde ohiak, Nora Coriñas Argentinako Madres de la Plaza de Mayoren fundatzaileak, Gerry Kelly IRAko kide eta Sinn Feineko politikari ohiak, Declan Kearney alderdikideak, Nikolaj Villumsen Europako Ezker Bateratuko eurodiputatu daniarrak eta Sandra Remirez politikari kolonbiarrak sinatu dute adierazpena, besteak beste.

Iratxe Sorzabal ETAren buruzagi ohia astelehen honetatik aurrera epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, Frantziak auzi horren baitan Espainiaratu ostean. 1996an Xixonen bi lehergailu jartzea egozten diote. Inork ez zuen min hartu atentatu hartan, baina kalte materialak handiak izan ziren.

Auzi saio horren aurrean, adierazpenaren sinatzaileek eskaera egin diote botere judizialari "kontuan har dezan ze testuinguru politikotan eman ziren ustezko delituak eta epaiketa hau bakearen eta demokrazia inklusiboaren testuinguru politiko eraldatuan garatzen dela".

"Hamar urte igaro dira ETAk borroka armatuari amaiera ematea erabaki zuenetik, eta lau urte desegin zenetik. Iratxe Sorzabalek, ETAren zuzendaritzako kide gisa, berebiziko garrantzia izan zuen helburu hori lortzeko", azaldu dute.

"Ausarta izan zen bakea eta indarkeriaren amaiera babestean. Euskal Herriaren gehiengoak nahi zuena sostengatu zuen eta itxaropen etorkizun berri bat argitzen lagundu zuen", azpimarratu dute, "Euskal Herriko eta Espainiako eragile guztiek ulertu" beharko luketela gaineratu aurretik.

"Kartzelak husteko garaia da, ez betetzeko garaia. Dei egiten diegu Euskal Herriko eta Espainiako eragile guztiei hori kontuan har dezaten, epaiketa berri hau hastera doalarik", adierazi dute, eta gogorarazi "tortura eta tratu txarren salaketek zipriztindutako testigantzetan oinarritutako kondena luzeari" egingo diola aurre Sorzabalek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Irun Albisteak Bakea eta adiskidetzea Euskadin