Politika -
Gutxieneko diru-sarrera
Gutxieneko diru-sarreraren transferentzia "egunetako kontua" izan daiteke
Josu Erkoreka lehendakariordeak Euskadi Irratian azaldu duenez, "potoloena bideratuta dago", eta "gai txikiak edo bigarren mailakoak" baino ez dira geratzen. "Berehala etorriko da akordioa", gehitu du.
Mikel Dominguez | EITB Media
Gutxieneko diru-sarreraren inguruko eskuduntza Euskal Autonomia Erkidegora transferitzea "egunetako kontua" izango da, Eusko Jaurlaritzaren aburuz. Josu Erkoreka lehendakariordeak Euskadi Irratian esan duenez, "potoloena bideratuta dago" eta "orraztu gabeko fleko batzuk" baino ez dira geratzen.
"Astebeterako edo bi asterako… Ez naiz ausartzen epeak jartzen, epe asko jarri izan delako eta orain arte jarritako guztiak bertan behera geratu direlako", baina "berehala etorriko da akordioa", esan du Erkorekak.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ere gutxieneko diru-sarrerari buruz hitz egin du Forum Europak antolatutako gosarian. "Espero dut transferentziatik oso gertu egotea", esan du. Ortuzarrek azaldu du "teknikoki doitu behar diren gai garrantzitsu batzuk geratzen direla", baina "oztopo politiko nagusia" gaindituta dagoela.
"Uste dut egun batzuetako kontua izango dela, eta laster transferentzien batzorde mistoa biltzea eta transferentzia sinatzea", esan du.