Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Erkoreka: "EAEn izan diren 41 sexu-abusu kasu ari da ikertzen Ertzaintza"
Elizaren baitan izan diren pederastia kasuei buruz mintzatu da Segurtasun sailburua Euskadi Irratian, eta aurreratu du 41 biktima daudela: 36 Bizkaian, 5 Gipuzkoan eta bat bera ere ez Araban. Bizkaiko kasuetatik hiru Bermeoko Jose Done ikastetxekoak dira, EITB Mediak argitara atera dituenak.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka elkarrizketatu du asteazken honetan Euskadi Irratiak. Bertan, Elizaren baitan, Euskal Autonomia Erkidegoan izan diren sexu-abusu kasuei buruz mintzatu da Erkoreka, eta aurreratu du 41 kasu ari dela ikertzen Ertzaintza: 36 Bizkaian, 5 Gipuzkoan eta bat bera ere ez Araban. Bizkaiko kasuetatik hiru Bermeoko Jose Done ikastetxekoak dira, EITB Mediak argitara atera dituenak, hain zuzen ere.
Halere, argi utzi du "zenbakien dantza" izugarria dela, egunetik egunera kopurua aldatzen delako. "Komunikabideen bidez beste kasu batzuen berri izan eta salaketa jartzeko urratsa ematen dute askok. Horren aurrean, Ertzaintzak ezinbestean abiatu behar du ikerketa berri bat", esan du.
Bermeoko Jose Done ikastetxeko sexu-abusuen kasuan, ustezko egilea topatu du Madrilen EITB MEDIAk, eta horri buruz galdetuta Erkorekak nabarmendu du oso zaila dela aldez aurretik jakitea egiletza frogagarria den ala ez. "Batzuetan froga oso nabariak daude, baina beste kasu askotan datu gehiago behar dira. Epailea da uste osoa izan behar duena. Zenbait kasutan testigantzekin nahikoa izan daiteke. Hala eta guztiz ere, kasuan kasu egoera aldatu egiten da.
Abian duten ikerketaz adierazi du "EAEko elizbarrutiak oso jarrera arduratsua hartu duela. Hedabideetan Bizkaiko datuak agertu ziren lehenik, eta oso jokabide ona erakutsi zuen Elizak. Geroago, batzordea sortu genuen, pertsona arduratsuek osatzen dutena, eta esan beharra dago lankidetzan ikerketa serio bat aurrera eramateko asmoz daudela, bakoitzak bere esparruan, noski", azaldu du.
Bermeotarra izanda, aurretik Jose Done ikastetxeko kasuen berri ote zuen ere galdetu diote Erkorekari, baina gertatutakoaren aurrean, kezka ez ezik, harridura ere erakutsi du. "Ez nuen horren berririk. Zuzendaria urrunetik ezagutzen nuen, baina ezkutuan egon dira kasu horiek. Ez naiz harrituta dagoen herritar bakarra, baina salaketa serioak daude atzean, eta, beste gai batzuetan bezala, ikerketa abiatu beharra dago", azpimarratu du.
Bukatzeko, eta gaiz aldatuta, iaz EAEn izandako bestelako delituez mintzatu da, bereziki, sexu erasoei buruz. Izan ere, behin-behineko datuen arabera, 2021ean nabarmen egin zuten gora gisa horretako delituek: 79tik 122ra. "Oraindik ez ditugu esku artean Udaltzaingoaren datuak, Ertzaintzak emandakoak soilik ezagutzen ditugu. Hilabete barru agerraldi bat egingo dut, eta han emango ditut behin betiko datuak. Dena den, aurreratu behar dut azken bi urteetako datuen alderaketa ez dela oso erreala, 2020an, konfinamenduaren ondorioz, asko jaitsi zelako delitu kopurua. Aldiz, duela urte batzuetako datuekin erkatuz, delituek beheranzko joera hartu dutela ikus daiteke", bukatu du.