Politika -
Iñigo Cabacasen heriotza
Ertzaintzari ospea kentzeko aprobetxatu nahi dutela batzuk dio PSEk
Bestalde, Joseba Egibarrek esan du Iñigo Cabacasen heriotzagatik "dimisioren bat" egoteak ez duela "gertatutakoa konpontzen".
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du batzuk Iñigo Cabacasen heriotza "erabili" nahi dutela eta "Ertzaintzari ospea kentzeko kanpaina politikoa" hasi dutela.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Pastorrek esan du ardura politiko nagusia "azkartasunez eta zorroztasunez" gertatutakoa ikertzea dela. Gainera, hildako gaztearen familiak duen jarrera goraipatu du eta hasieratik "gaia ez politizatzeko" eskatu dutela gogoratu du.
"Ertzaintzaren jarrera demokratikoan salbuespena izan da gertatutakoa, eta orain, ospea kentzeko kanpaina bat hasi nahi dute batzuk; sozialistek ez dugu utziko".
Ildo honetan, "batzuk lehenengo minututik gaia politizatu nahi izan dute, gertatutakoaren egia jakin aurretik", esan du PSEko buruzagiak. "Logikoena ikerketari itxarotea da. Lehengo minututik dimisioa eskatzen, sozialisten egoitzatan pintadak egiten eta iraintzen hasten direnei segituan igartzen zaie".
Bestalde, "Ertzaintza azaltzen den uneoro, jendeak harrika hartzea" kritikatu du.
Egibar: "Dimisioak ez du gertatutakoa konpontzen"
Joseba Egibar EAJko GBBeko presidenteak esan du Iñigo Cabacasen heriotzagatik "dimisioren bat" egoteak ez duela "gertatutakoa konpontzen".
Hala ere, "ikertu beharreko zuhurtziagabetasunezko jokaera" baten aurrean gaudela esan du. Ertzaintzak aro eta protokolo berriekin bat egiteko eskatu du.