Politika -
Manifestazioaren balorazioa
Bakea 'akordioarekin' soilik lortu daitekeela dio ezker abertzaleak
"Eskubideen urraketan eta indarkerian" oinarritutako estrategia erabiltzea egotzi dio Alderdi Popularrari ezker abertzaleak.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak 'Parot doktrina'ren aurkako Bilboko manifestazioaren balorazioa egin du eta "bakea lortzeko era bakarra elkarrizketa eta akordioaren prozesu bat hastea" dela esan du. Ildo honetan, "Gobernuaren blokeoa" salatu du eta gizarteari mobilizatzeko deia luzatu dio.
Ohar baten bitartez, "bakea lortzeko aukera historikoa eragoztea" egotzi dio Gobernuari eta "blokeoaren" arduradunak Mariano Rajoy, Jorge Fernandez Diaz eta Antonio Basagoiti direla adierazi du.
"Pentsamendu ezberdineko milaka lagunek hartu dute parte Bilboko manifestazioan eta salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko aldarrikapena egin dute beste behin", esan dute, "Auzitegi Konstituzionalak legeztatu duen bizi osoko kondenari oniritzia eman ostean".
"Aieteko adierazpena eta bertan proposatzen dena da irtenbidea lortzeko bidea eta gizarteak ere adierazpeneko oinarrizko ideia defendatzen du: elkarrizketa da gakoa", esan du ezker abertzaleak.
Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bozeramaileen bitartez eskatu duen elkarrizketa gogoratu du "espetxeetan bizi den salbuespenezko egoerari" aurre egiteko eta "ireki den aro berriari laguntzeko".