Politika -

Biktimak

Zabalza familiarentzat "iluntasun urte asko" amaitu dira, baina oraindik "egia eta justizia" nahi dituzte

Zentzu berean, Beatriz Artolazabal Justizia sailburuak esan du “justiziarako duten eskubidea” bete behar dela: “Bere heriotzak, bere egiak, amaiera artea iristea eskatzen du”.

Omenaldia Mikel Zabalzari Orbaizetan. Argazkia: Efe
Omenaldia Mikel Zabalzari Orbaizetan. Argazkia: Efe
Omenaldia Mikel Zabalzari Orbaizetan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1985ean Guardia Zibilak atxilotu ostean hilik agertu zen Mikel Zabalza nafarraren familiak esker onez hartu du Eusko Jaurlaritzak polizia-abusuen biktima gisa aitortu izana, duela gutxi arte espero ez zuten "aurrerapauso bat" delako eta "urte askotako iluntasunean" argia jartzen duelako, baina orain "egia eta justizia" eskatzen dute.

Horixe adierazi dute Idoia eta Lourdes Zabalak, Mikelen arrebek, polizia gehiegikerien biktima gisa aitortu ostean Orbaizetako familia-etxean gin dioten omenaldian.

36 urte pasatu dira gertakari hartatik, baina oroitzapenak oso argiak dira senideentzat; izan ere, "zalantzaz beteta eta harrituta" bizi izan zituzten une horiek, "informazio kontraesonkorrek sortutako ezinegonarekin, gizartearen erantzunarekin hunkituta, guztiz lur jota gorpua Bidasoaren ur ertzean agertu zenean, eta suminduta eta etsita gezur guztien aurrean".

"Suminduta eta etsita gezur guztien aurrean"

Heriotza argitzeko egindako saiakera guztiak judizialki artxibatu egin dituztela salatu dute, eta horregatik ezin izan dutela frogatu "Intxaurrondoko koartelean egindako torturen ondorioz" hil zela anaia, nahiz eta zantzuak, beste atxilotu batzuen testigantzak eta ikerketa periodistikoak dauden, "bertsio ofizialetik oso urrun dauden informazioekin".

"Ez dakigu egunen batean lortuko dugun ere", aitortu dute ahizpek, "eskubideen urraketen biktima guztiek egiarako, justiziarako eta konponketarako eskubidea" dutela azpimarratu aurretik.

"Gaur aitortu zaio Mikeli biktima izaera, eta konponketa lortu da", duela gutxi arte pentsaezina zen "urratsa", eta "kendutako duintasunaren zati handi bat itzuli" diote, Zabalza ahizpen arabera.

"Ez dago egia ezagutzearen tamainako konponbiderik"

Hala ere, gaitzetsi dute konponketara iritsi direla "bi printzipio atzean utziz, egia eta justizia, baina horrek ez du esan nahi uko egiten diegunik, bereziki lehenengoari, zeren ez baitago egia ezagutzearen tamainako konponbiderik. Hori horrela, bide gogorra dugu oraindik egiteko", adierazi dute Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte politikako sailburuaren eta Ana Ollo Nafarroako Herritarren Harremanetarako kontseilariaren aurrean.

Horien aurrean, esan dute "iluntasun urte asko" bizi izan dituztela, baina "herrikideen, Orbaizetako eta Aezkoako erakundeen, gizartearen zati handi baten eta bereziki 'Mikel Gogoan' ekimenaren elkartasunak babestuta".

Era berean, azken urteetan Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako aitortza eskertu eta "klase politikoak aho batez" kasua argitzeko eskatu izana txalotu dute.

Hori horrela, Mikel Zabalzaren senideek aitortza "tortura jasan zuten guztiei" egitea eskatu dute, badakitelako euren kasua ez zela "ezohikoa" izan, "emaitza" izan zela desberdina, "tortura ez baita salbuespena izan, baizik eta praktika orokortua eta ondo antolatua, goi karguek prestatua eta milaka biktima utzi dituena".

"Indarkeriaren eta eskubide urraketen biktima guztiak dira lehen mailakoak"

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak adituen ebazpena eman dio familiari, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordearekin eta Monika Hernando sail horren zuzendariarekin batera.

"Gaur oso egun berezia da", adierazi du sailburuak, "Mikel Zabalzaren egia lortzeko bidean pauso handia ematen dugu".

Gaineratu duenez, "egiaren izenean, lau haizetara esaten dugu, ebazpenean agertzen den moduan, nahikoa egiaztatuta geratu direla 1985eko azaroaren 26tik abenduaren 15era gertatutakoak, eta Estatuko-Guardia Zibileko agenteek izan zuten inplikazioa".

"Estatuak aitortza, autokritika eta ardura bere egitea"

"Indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak lehen mailakoak" direla esan du, "guztiak" izan zirela "indarkeria injustuaren biktima".

"Gaur, hemen, Orbaizetan, justiziarako eskubidea aldarrikatzen dugu. "Bere heriotzak, bere egiak, amaiera artea iristea eskatzen du. Gaur egun indarrean dagoen egia judizialetik harago joatea eskatzen du", azpimarratu du.

Horren harira, gertatutakoa erabat argitzeko bide guztiak martxan jartzearen alde egin du, eta "Estatuak, bere aldetik, aitortza, autokritika eta ardura bere egitea".

Juana Balmaseda batzordearen presidenteak ere bat egin du iritzi horrekin, eta azaldu du lan "zorrotza" egin dutela, "lege oinarria" duena, eta ondorioak aho batez hartu dituztela. "Guztiok dugu argi zer jartzen duen ebazpenean, ez dago zalantzarik", goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Polizia abusuen biktimak