Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Denis Itxaso: "Zalantzarik gabe, despolitizatu egin behar dira presoen inguruko erabakiak"

"Banakako tratamendua egiten zaie presoei. Tratamendurako batzordeak aztertzen du preso bakoitzaren bilakaera, eta kasuan kasu gradu edo lekualdatzea proposatzen du. Ondoren, zaintza epaileak hartzen du erabakia", nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxaso
Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxaso
Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxaso

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxaso elkarrizketatu dute astelehen honetan Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan, non, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ETAko zortzi presori hirugarren gradua onartzeko hartutako erabazkiaz mintzatu den.

"Banakako tratamendua egiten zaie presoei. Tratamendurako batzordeak aztertzen du preso bakoitzaren bilakaera, eta kasuan kasu gradu edo lekualdatzea proposatzen du. Ondoren, zaintza epaileak hartzen du erabakia. Bakoitzak dagokion lana egin behar du, hau da, batzordeak azterketa egiten du, eta epaileak hartzen du azken erabakia. Zalantzarik gabe, despolitizatu egin behar dira erabaki horiek, eta presoak birgizarteratzeko aukera landu behar da", nabarmendu du.

Bestalde, Jaurlaritzak Mikel Zabalzari biktima izaera aitortzeko erabakiaz hitz egiterakoan zera esan du: "Onartu beharra daukat Jaurlaritzak egindako lana. Eskubideei buruz jarduten dugunean ikuspuntu integral bat izan behar dugu. Sufritzen ari den pertsona bat baldin badago, Gobernua haren alde agertu behar da. Herrialde honetan ETAk egin du min gehien, baina ezin ditugu ahaztu jihadismoak edota GALek egindakoak ere", adierazi du.

Auzia berriro irekitzeko momentua den galdetuta, Espainiako Gobernuko ordezkariak argi utzi du Fiskaltzari dagokiola hori deliberatzea. "Mundu guztiak du egia jakiteko eskubidea, eta, nolabait, Zabalzaren familiak gertatu zena argitzea eskatzen duen bitartean, haien alboan egon beharra daukagu", azpimarratu du.

Errusia eta Ukrainaren arteko gerra ere hartu du hizpide, eta aurreratu du Espainia errefuxiatuak hartzeko prest dagoela, nahiz eta erabakiak Europa mailan hartu behar dituzten, "erantzun koordinatu bat eman ahal izateko". "Euskadin zein Estatuan baliabideak ditugu pertsona errefuxiatuei lagundu ahal izateko. Seguru nago mailan jardungo dugula", esan du.

"Europan gerra bat egoteak arduratzen nau, gisa horretako gatazkak gaindituta zituztela uste zuten familiak daudelako tartean, hots, gure bizimodu berbera daramaten familiak. Europar Batasuna batuta dago, eta erabaki bateratuak ari da hartzen, Errusiari aurre egiteko", zehaztu du.

Horrez gain, kezkatuta agertu da horrek guztiak "gure ekonomian izan ditzakeen ondorioengatik". "Errusiarekin harreman handia dugu, eta herrialde horren aurka hartzen diren neurriek denongan dute eragina", bukatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Presoak ETA Denis Itxaso Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak