Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Barandiaran: "EBk laguntza humanitarioa eskaini eta Ukrainara defentsarako materiala bidaltzea erabaki du"
EAJren Euzkadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko arduradunaren ustez, Ukrainak EBn sartzeko eskubidea du baina orain funtsezkoa Ukrainari laguntzea da.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Xabier Barandiaran EAJren Euzkadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko arduradunak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan nabarmendu duenez, Europar Batasunak ikuspegi bateratua izan behar du Ukrainan egin beharrekoari buruz. "Orain laguntza humanitarioa eta babesteko laguntza bidaltzea erabaki du", esan du.
Inbasioa "guztiz bidegabea" dela adierazi du, eta Euskaditik kezka eta emozio handiarekin bizi duela han gertatzen ari dena. Era berean, Ukrainak EBn sartzeko eskubidea duela baina orain funtsezkoa Ukrainari laguntzea dela azpimarratu du."Putinek lehenbailehen hausnartzea espero dugu", gaineratu du.
Euskal Hezkuntza Legeari dagokionez, baikorrak izateko baldintza nahikoak daudela uste du, eta alde guztiek ados jartzeko borondatea dutela. Barandiaranen iritzian, garrantzitsuena da lana "lasaitasunez egitea eta, azkenean, akordio bat lortzea". Era berean, inori, "ezta PPri eta Voxi ere", ez dizkiotela ateak ixten adierazi du, nahiz eta jakin ez direla akordioan sartuko.
Euskal Estatus politiko berriaz galdetuta, gaiari heltzeko modua adostu behar dela zehaztu du. Dena dela, "ez dugu ikusten gainerako eragileek estatusa aldatzeko jarrera dutenik. Sukaldeko lan gehiago behar da. Lan gehiago egin eta gutxiago hitz egin", esan du.
EAJren eta Sanchezen gobernuaren arteko harremanen inguruan nabarmendu du garrantzitsua dela harreman kualitatiboa izatea Euskadirentzat onuragarriak izango diren akordioak lortu ahal izateko. Ildo horretan, Barandiarek esan du Euskadik Etxebizitzaren Euskal Legea bere horretan mantentzea dela euren helburua.
EAJren Euzkadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoko arduradunaren ustez, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko akordioa "oso ona eta bidezkoa da". Transferentziaren kudeaketak EAEko gizarte-babesa Madrilgo "sukurtsal" bihurtzen duela ziurtatu berri du EH Bilduk, eta horren aurrean Barandiaranek azpimarratu du ahal den guztia egiten ari direla herri honek autogobernu gehiago izan dezan, "tranferentzia hori herri honentzat lan-ildo ona finkatzen duelako". Testuinguru horretan, EH Bilduri erronka bota dio alternatiba bat eskaintzeko eta herritarrei azaltzeko nola eta zein baldintzatan egituratu beharko luketen prozesua.
Alberto Nuñez Feijoori buruz, Barandiaranek esan du EAJk alderdi politikoen erabakiak errespetatzen dituela agintariei dagokionez. Hala ere, orain arte PP EAJren diskurtsotik oso urrun egon dela gogoratu du. "Guk diskurtsoa aldatzea nahi dugu", erantsi du.
Pablo Casadorekiko desleialtasunei dagokienez, Euzkadi Buru Batzarreko arduradunak azaldu du herrialde baten kultura demokratikoa ahultzen duela horrek. "Politikan nahiko gaitz orokortua da. Alderdi Popularraren barruko krisi honek demokraziaren krisia erakutsi du", azpimarratu du.
Horren arabera, orain PPren erronka da zentro-eskuina Espainian gidatzea, "egun hautsita baitago". "PPk ez du batere erraza, Voxen diskurtsoa nekez da bateragarria", erantsi du.