Politika -

ELKARRIZKETA

Garamendi: "Prestazioak hobetze aldera lege bat prestatu nahi dugu DBEa eta gutxieneko diru-sarrera batzeko"

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak aurreratu duenez, metereologia, Itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia babesteko funtsari buruz hitz egin nahi dute hemendik aitzinera.

Olatz Garamendi, Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua. Artxiboko irudia
Olatz Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua
Olatz Garamendi, Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua. Artxiboko irudia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, prestazioak hobetze aldera lege bat prestatu nahi dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak batzeko. Halaber, gutxieneko diru-sarreraren negoziazioa oso luzea izan dela eta asko kostatu dela onartu du. "Pozik gaude azkenean lortu delako", esan du.

Ildo horretan, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketan azaldu du hasieratik esan dutela zeintzuk ziren akordioa ixteko lerro gorriak. "Horietan ez dugu men egin. Inportanteena irmo defendatu dugu", adierazi du. Oraindik sinatzea falta bada ere, ondorengo bi asteetan egitea espero duela aurreratu du.

Bestalde, eskumenen harian erantsi du zaila dela batzuekin eta besteekin hitz egitea, baina "gureak diren eskumenak gureganatzen jarraitu behar dugu". Horren esanetan, hemendik aurrera, beste eskumen batzuk eskuratu nahi dituzte, besteak beste, "metereologia, itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia babesteko funtsa". Sailburuaren arabera, "lehen proposamenak bidaltzea itxaroten genuen, baina orain proaktiboak gara".

Gizarte Segurantzaren transferentziaren harira, Espainiako Gobernuarekin jorratzeko gairik zailenetako bat dela aitortu du Garamendik, "baina aztertzen hasi beharko ginateke", gaineratu du.

Iazko urrian, espetxeen eskumena bereganatu zenetik, mundu guztia adi dago, horren arabera, ea eskuduntza hau nola baliatzen duten, baina "legedia aplikatzen ari gara", azaldu du zortzi ETAko presori Jaurlaritzak onartu berri dien hirugarren graduaren harira.

Estatus berrirako proposamenari buruz Garamendik esan du garaia dela eztabaida horri ekiteko: "Legebiltzarrari dagokio egitea, eta ez diogu ihes egiten utzi behar".

Ukraina ere izan du hizpide sailburuak. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek asteazken honetan iragarri du armak bidaliko dituela Ukrainara, eta sailburuaren ustez, erabaki horrekin beste bide batzuk jorratzen hasi da Espainia. Gertatzen ari dena gaitzesteaz gain, "Europar Batasuna irmo eta batuta" azaldu behar dela gaineratu du.

Euskadik errefuxiatuentzat prestatutako 150 plaza horien inguruan adierazi du oraindik ez dakitela iritsiera hori nola antolatuko den. "Gu horretarako prestatzen ari gara", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE Telebista Gaurko titularrak Eguneko albisteak Egun on Euskadi Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta