Politika -
Osoko Bilkura Legebiltzarrean
Lehendakariak EH Bilduri esan dio erabakitzeko eskubideak "bilgune" izan behar duela, "ez haustura"
Maddalen Iriarte koalizio abertzalearen bozeramaileak uste du autogobernuari buruzko eztabaida amaitzen denean badirudiela Jaurlaritzari "ez zaiola komeni" erabakitzeko eskubidea zehaztea.
agentziak | eitb media
Iñigo Urkullu lehendakariak EH Bilduri erantzun dio ez dagoela "argudio demokratikorik" gizarteari etorkizunari buruzko erabakia galarazteko, baina zehaztu du erabakitzeko eskubideak euskal gizartearen "bilgune" izan behar duela, "ez haustura".
Urkulluk horixe adierazi dio Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileari. Izan ere, koalizio abertzalearen ordezkariak esan du Jaurlaritzak "zehaztu" egin behar duela, kosta egiten zaiola hori egitea autogobernuaren eztabaida amaitu denean. Bere esanetan, badirudi "ez zaiola komeni, "ez dakiela" edo gai horretan sakontzeko asmoa "gelditu" egiten dutela.
"Xehetasunetara igarotzeko unea da", "sinesgarritasun kontua da", azpimarratu du Iriartek. Legebiltzarkideak uste du euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea "ukaezina" eta "premiazkoa" dela, bereziki orain, munduan "garai larriak" bizi direnean, Ukrainako inbasioari erreferentzia eginez.
Urkulluk autogobernuari buruzko lantaldearen lana goraipatu du, eta azpimarratu du estatus berriak "Legebiltzarreko adostasun maila handiena" eskatzen duela. Baita "bideragarritasun instituzionala" ere, eta "herritarrek izango lukete azken hitza" erreferendum bidez. Berretsi du autogobernua ezin dela "aterabiderik gabe utzi".
"Aurrerapen handiak egin ditugu urteotan, eta autogobernua zabaltzeko eta sakontzeko aukera dugu. Euskal gizarteari dagokio etorkizun politikoa erabakitzea, eta guri gizartearen erabakia posible egitea", gaineratu du lehendakariak.